2022ari errepasoa: uztaila

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, hamabi hilabeteotan gertatu denaren errepasoa. Hona hemen uztailak eman zuena.

Aurrekontuak onartu zituen udal korporazioak

Ekaina amaieran egin zuen udal korporazioak aurtengo aurrekontuak onartzeko ezohiko bilkura. Ia bi orduz eztabaidatu eta alderdien emendakinak aztertu ostean, egitasmoa onartu zuten, udal gobernu sozialistaren aldeko bozkekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin.

Aurkeztutakoarekin ados ez, eta aurka azaldu ziren EH Bildu eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos.

Ostadar Inklusioko kideek, emaitza onak txapelketetan

Ostadar Inklusioa taldeko kideak ekaina amaieran Atletismo zein Boccia txapelketetan lehiatu ziren. Ane Asensio eta Jon Mendoza atletismo saileko kideak Gijonen izan ziren Espainiako txapelketan; Xuban Santin, berriz, European Para Youth Games lehiaketako Boccia proban parte hartu zuen, Finlandian. Emaitza onak lortu zituzten; Santinek esate baterako zilarrezko domina jantzi zuen.

Texas Lasartearrako taldeak, ederki Salou Youth Cup-ean

Texas Lasartearra futbol taldeko infantil eta kadete taldea Salou Youth Cup txapelketa lehiatu zuten ekainaren 29tik uztailaren 3ra. Infantil taldeak hirugarren postua eskuratu zuen; kadeteek, berriz, integrazio kopa.

Udako Txoko eta Kanpaldietan, mila abentura

Ttakun kultur elkarteak antolatutako Udako Txokoak eta kanpandiak burutu ziren. Haur eta gaztetxoek primeran pasa zuten.

Patxi Larrañaga, A bocados saioan

Patxi Larrañaga harakina ETB2-ko Abocados saioan agertu zen hilaren 1ean. Ander Gonzalezekin batera merienda ederrak nola prestatu kontatu zuen.

Naroa Furundarena, bigarren 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan

23 urtez azpiko Espainiako txapelketan, Santanderren, Kantabrian Ostadar SKTko Naroa Furundarenak zilarrezko domina jantzi zuen jauzi hirukoitzeko proban.

Mikel Arruti, Ikusleen lehiakide gogokoena

Bigarren urtez jarraian, lasarteoriatar batek irabazi zuen El Conquistador del Caribe telesaila ikusten dutenen lehiakide gogokoenaren saria. Mikel Arrutik jaso zituen bozka gehien aurten, eta Leire Mayozen lekukoa hartu zuen. Horrez gain, garailearen ikurrina altxatzear izan zen. Final handira sailkatu zen arren, proba erabakigarrian ez zuen behar adina zorterik izan. Txapela kentzeko moduko saioa egin zuen herritarrak.

Aitor Manso, Alisas igoeran

Aitor Manso herritarrak Euskadi zein Nafarroako mugak gainditu zituen lehenengoz bere mendi lasterketen ibilbidean. Hilaren 10ean, Alisas igoera jokatu zuen gidari gazteak Kantabrian. Zortzigarren mailako hirugarren sailkatu zen Manso; sailkapen orokorrean, aldiz, bosgarren izan zen.

Terrorismoaren biktimak oroitzeko elkarretaratzea

Hilaren 13an 25 urte bete ziren Miguel Angel Blanco PPko Ermuko zinegotzia hil zenetik. Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioak "Miguel Angel Blancoren eta terrorismoaren biktimen oroimenez" elkarretaratzea egiteko deialdiarekin bat eginez, Lasarte-Oriako Udalak elkarretaratze ixila egin zuen.

Karmengo Ama Birjinaren ohorezko jaiak Orian

Hilaren 16an, Karmengo Amaren egunean, egitarau berezia antolatu zuten oriatarrek. Goizean kapera inguruan bildu ziren euren zaindariaren eguna ospatzeko. Arratsaldean, berriz, Brunet parkera lekuz aldatu ziren ospakizunak.

Raul Ramos herritarra, lehen postuetan Udako denboraldian

Udako denboraldiko zortzigarren jardunaldian Raul Ramos herritarra izan zen protagonistetako bat. Hipodromoan jokatu zen laugarren lasterketan bigarren postuan sailkatu zen herriko jockeya Lady McQueen behorra gidatuz eta Groupe Carrus Sari Nagusiko azken metroetan lehia bizian izan zen Kennocha behorrarekin.

Herritarrak, Lesakako Rallyan

Lesakako Rallysprinta lehiatu zen hilaren 23an. Nafarroako Txapelketako proban 84 ibilgailu batu ziren eta lasarteoriatarrak izan ziren maila ezberdinetan parte hartzen. Mikel eta Ekaitz Kortajarena anaiak 2 mailako eta A klaseko bigarren postuan sailkatu ziren.

Francisco Perez Gonzalez artzapezpikua komentuan

Francisco Perez Gonzalez Iruñea-Tuterako artzapezpikua eta Donostiako administrari apostolikoa hilaren 24an elkartu zen Ama Brigitarren komentuan dauden mojekin.

Presoen eskubideen aldeko bizikleta itzuliarekin bat

Izan Bidea dinamikaren barruan, euskal presoen eskubideen alde eta haiei ezartzen zaizkien salbuespen neurrien aurka Bizikleta Itzulia egin zuten bosgarren urtez. Etxarrin (Nafarroa) hasi eta Donostia zuen jomuga. Horregatik, hilaren 24an lasarteoriatarrek bat egin zuten hiriburuan amaitu zen ekintzarekin.

Arraun Ligak eta Euskadiko txapelketako podiuma

Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako Igogailuak Euskotren Ligako zein ETE Ligako jardunaldi ezberdinak lehiatu eta lehen postuarengatik aritu ziren borrokan. Traineru modalitateko Euskadiko txapelketa ere jokatu zen hilaren hilaren 25ean; Lugañene txapeldun izan zen eta berdeak, aldiz, hirugarren.

Santa Ana eguna ospatzeko 11 ekimen izan ziren

Azken urteetako ospakizunak COVID-19ak baldintzatu bazituen ere, aurten ohiko egitaraura itzuli zen Santa Ana eguna.

Egun berezi horretarako motorrak berotze aldera, udalak artisauen azoka antolatu zuen hilaren 24an. Janari eta artisau postuek Mercero eta Okendo plaza hartu zituzten. Herritar ugari izan zen azokan eta kuxkuxean ibiltzeaz gain, erosi ere egin zuten. Etxeko txikientzat  tailerrak izan ziren.

Aterpea elkarteak eta herriko zenbait tabernarik ere pintxo bereziak prestatu zituzten, bakailaoa eta piperra oinarri hartuta.

Gure herriko usaioari jarraikiz jarduera ezberdinak antolatu zituen hilaren 26an Ttakun Kultur Elkarteak Udalaren laguntzaz. Goizean meza, luntxa eta Erketz EDTren eskutik Santa Ana karkaban dantza izan ziren.

Arratsaldean, Santa Ana Parodiako antzezleen desfilea koloretsua izan zen. Antzezlana hasi baino lehen aintzatespena jasoko zuen Dinbi Banda batukada taldeko zenbait kide ere animatu ziren kaleak zeharkatzera.

Eta ostean, Josu Jone Prezioandia Oktanogutxi eta Ibertrolas Prezioandia Peromuygalan akusatuen epaiketa berezia izan zen Okendo plazan; garesti ordaindu zuten bi alprojek urtean zehar Lasarte-Orian triskantzak egin izana.

Bestalde, Santa Ana pala txapelketako finala ere jokatu zen. Jon Pello eta Iker Artetxe anaiak eta Xabier eta Gari Arteaga lehengusuak aritu ziren nor baino nor, eta lehen bikotea izan zen garaile.

Isabel Huesok, 100 urte

Hilaren 27an, ehun urte bete ziren Isabel Hueso El Saugo herrian, Salamancan jaio zenetik. Arratsaldean bere senideez inguratuta ospatuko zuen urteurren berezia. Aurrekari modura, ordea, lore sorta bat eman zioten Lasarte-Oriako udaleko ordezkariek.

Kale antzerkiak, zinema proiekzioak eta dantza zirkuitua izan ziren

Aire librean izan ziren hilabeteko kultur deialdiak. Okendo plazan kale antzerkiak, zinema proiekzioak eta dantza ikuskizunak izan ziren herritarren gozamenerako.

Maialen Chourraut berriro lehian

Otsailean sorbaldako ebakuntza izan zuen Maialen Chourraut herritarrak. Uztaila amaieran lehiatzeko prest zegoen piraguista eta Eslalomeko Munduko Txapelketan Augsburgen, Alemanian egin zion aurre lehen hitzorduari. Finalerako sailkatu eta bosgarren postuan amaitu zuen proba.

Saninazioak ospatu zituzten Basaundi Bailaran

Hileko azken asteburuan San Inazio Jaiak ospatu zituzten Basaundi Bailarako auzotarrek. Musika, jolasak eta jai giroa nagusi izan ziren. Ekimenen zerrenda ez zen laburra izan. 

Herriko igerilariak bikain txapelketa ezberdinetan

Igerilekuan zein Itsas Zeharkaldietan ederki lehiatu ziren herriko ordezkariak. Espainiako, Euskal Herriko zein Gipuzkoako maila ezberdinetako txapelketei ederki egin zieten aurre eta marka ugari ondu zituzten. Bidasoa XXI taldeko Ainhoa Martin herritarrak, esate baterako, zilarrezko domina jantzi zuen Espainiako txapelketako 400 m. lau estilo proban. Buruntzaldea IKTko Nora Imazek, aldiz, junior mailako Euskadiko zein Gipuzkoako txapelak eskuratu zituen.