2022ari errepasoa: iraila

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, hamabi hilabeteotan gertatu denaren errepasoa. Hona hemen irailak eman zuena.

Juana Iceta herritarraren mendeurrena ospatu zuten

Juana Iceta herritarrak 100 urte bete zituen abuztuan, eta udalak ekitaldi xume baten bidez zoriondu zuen. Arrosa sorta bat eta familia, lagun eta Atsobakar egoitzako gainerako egoiliarren mezuak eta maitasuna jaso zituen zorionduak.

Igerilariak, lehen postuetan

Abuztuan eta irailean zehar, Buruntzaldea IKTko igerilariek zein herritarrek hainbat Itsas Zeharkaldietan parte hartu zuten; Igeriketa taldeko Itsaso Tolosak Irlako Igeriketa Zeharkaldiko hirugarren postua eskuratu zuen.

Maialen Chourraut, bikain lehian

Abuztuan, Maialen Chourraut herritarrak Espainiako txapelketari eta Pauen antolatu zen Munduko Kopako probari egin zien aurre. Finaletara iritsi eta lan ederra egin zuen; Eslalom eta Eslalom Extreme mailetan Espainiako txapeldun izendatu zen eta Pauen bederatzigarren sailkatu zen. Irailaren 2tik 4ra, Munduko Kopako finalean lehiatuko zen, La Seu D'Urgellen eta seigarren postua eskuratu zuen.

Aterpeak, Stock azoka eta hitzarmen berritzea

Iraileko lehen asteburuan herriko komertzioek eskaintza bereziak egin zizkietan bezeroei Stock azokan. Dozena pasa establezimenduk parte hartuko zuten egitasmoan. Hilaren 20an, berriz, hurrengo bi urteetan, Lasarte-Oriako merkataritza indartzeko eta dinamizatzeko hitzarmena sinatu zuten Aterpea Merkatari elkarteak eta udalak.

Zeresana eman zuen udalbatzarrean Atsobakarreko kirol gunearen proiektuak

Ez ohiko saioan Atsobakarren kirol eta atletismo pista bana eraikitzeko egitasmoaren espedientea onartu zuen udal korporazioak. Proiektuak aurrera jarraitzeko nahikoa babes jaso bazuen ere, oposizioko alderdiek udal gobernuaren kudeaketa kritikatu zuten.

Real Sociedad taldeak EH kopan bale, Txapeldunen Ligan kale

Iraia Iparragirre herritarrak eta Real Sociedad Taldeak hitzordu garrantzitsuak izan zituzten irailean. Hilaren hasieran Euskal Herria Kopa altxa zuten Athletic Club 3-1 garaitu ostean. Txapeldunen Ligako sailkate faseko neurketak ere jokatu zituen Bayern Munichen aurka. Emaitzk aurkakoak izan ziren (etxean 0-1 eta Munichen 3-1) eta ezin izan zuten txapelketan aurrera egin.

Extremadura Etxeko kideek Ama Guadalupeko jaiak ospatu zituzten

Jai giroa nagusi izan zen Jaizkibel plazan hilaren 7tik 11ra. Ama Guadalupe Extremadura etxeko jaiak biziberrituta, indartuta eta gogotsu bueltatu ziren hiru urteko hutsunea betetzera.

Herritarrek, saririk ez Kontxako banderan
Kontxako banderako Ohorezko txandan lehiatu ziren herritarak kide dituzten Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia eskifaiak. Orio eta Lugañeneren arteko lehia bizia izan zen; mirotzen altxa zuren bandera, ordea. Hondarribia, aldiz, sailkapen orokorreko bosgarren izan zen.

Lasarte-Oriako energia komunitatea, TEK izenekoa aurkeztu zuten

Herrian zehar "estrategikoki" kokatuko dituzten sei instalazioren bidez, udalerriko ia biztanle guztientzat energia trantsizioa ziurtatuko du TEK energia komunitateak. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Next Generation funtsak diruz lagunduko dituzte egitasmoak; inbertsioa 1.500.000 eurokoa da.

Arteaga II.aren agurra herrian

Michelin kirol guneko frontoian jokatu zuen Axier Arteaga herritarrak ibilbide profesionaleko azken partida, harmailak bete zituzten lagun, senide eta herrikideen aurrean. Norgehiagoka hasi aurretik eta ondoren, zenbait aitortza egin zizkioten Intza Kirol Elkarteko kideek, lagunek eta senideek.

Intza elkarteak 75. urteurrena ospatu zuen

Intza elkarteko kideek gogotsu ospatu zuten 1947 urtetik hona urratutako bidea. Hiru egunez jarduera ezberdinak antolatu zituzten, nola ez, pilota protagonista nagusi izan zen.

Aitor Manso, podiumetik podiumera

Aitor Manso gidaria Jata zein Jaizkibel igoeretako podiumetan izan zen. Bi probetan, eserleku bakarreko sailkapenean hirugarren postua eskuratu zuen herritarrak eta zortzigarren mailan, berriz, garaile izan zen. 

Intza Alkain, Besarkada sarietako hautagai

Intza Alkain herritarra Euskal Aktoreen Batasunak ematen dituen Besarkada sarietarako izendapena jaso zuen. Formol konpainiarekin antzezten duen Album obrako lana aitortzeko Antzerkia kategorian emakumezko aktore onenaren sariko hautagai izan zen lasarteoriatarra. 

Jon Ibisate, marrazain errugbiko Errege Kopan

Errugbiko Errege Kopako finala jokatuko zen Sevillako La Cartuja zelaian. Silverstorm el Salvador eta Real Ciencias Enerside taldeen arteko norgehiagokan Jon Ibisate herritarra marrazain lanetan izan zen.

Dinbi Bandaren 10. urteurrena, erritmoz betea

Musikak eta dantzak ez zuten hutsik egin Dinbi Banda batukadaren urteurren berezian. Euri iragarpena zela-eta Oriarte-Landaberrira lekualdatu zituzten  ikastaroa edo kontzertua. Taldeko kide eta kide ohiak batu zituen batupoteoa eta bazkaria ere izan ziren.

Aldaketak IV. Mendi Festan

256 mendizaleek Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak antolatzen dituen festan parte hartu zuten. Ibilbide motza Andatzara igo zen aurten. Bitxikeriarik ere egon zen, hala nola, Iparraldetik etorritako Hegoak Mendian taldeko zazpi kidek zortzigarrena gurpil aulkian eraman zuten.