2022ari errepasoa: azaroa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00
Herritarrak dantzan jarri zituzten Euskaraldiaren aurkezpenean.

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, hamabi hilabeteotan gertatu denaren errepasoa. Azaroan jazotako gertakari nabarmenenak bildu ditugu artikulu honetan.

Agustin Valdiviak alkategai izango dela iragarri zuen 

Hautagaitzak aurkezten jarraitu zuten alderdiek azaroan. Hala, PSE-EEk jakinarazi zuen gaur egungo alkate Agustin Valdivia izango dela datorren urteko bozetan zerrendaburu. Bestalde, PPk ezagutarazi zuen Alejandro Saenz ez dela aurkeztuko.

Desberdinen arteko elkarrizketa espazioen aldarria egin zuten

Motibazio politikoko indarkeria kasuak gogoan izan zituzten azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean. Askatasuna parkean dagoen Biharraren oroipena eskulturaren alboan ekitaldi xume bat egin zuten udal ordezkari eta herritarrek.

Ostrukak arrainontzian

Formol Laborategiak Album ikuskizuna ekarri zuen Manuel Lekuona Kultur Etxera. Urtebetez antzokiz antzoki eraman dute obra Intza Alkain eta Mikel Ibarguren aktoreek, eta ia bete zen auditorioko eszenarioan antzeztu zuten. Eszenografia sinple eta xumean, millennial gazteen iruditeria bat islatu zuten.

Album herrira ekarri bezperatan, Intza Alkain herritarra elkarrizketatu genuen.  Antzezlanari buruzko hainbat zertzelada emateaz gain, Lasarte-Orian emanaldia egiteagatik oso pozik zegoela azpimarratu zuen.

Elkarrekin eta elkarrengandik ezagutu zuten Lasarte-Oria 

Lasarte-Oriako bazterrak, historia eta hirigintza eredua sakonago ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek, Impact Hub Donostiak antolatutako ibilaldian. Euskotren geltokiaren atarian elkartu, eta handik herriko hainbat txokotara joan ziren. Jane Jacobsen Muerte y vida de las ciudades liburua eskuetan, ibilbidea kazetari estatubatuarraren betaurrekoak jantzita egitera gonbidatu zituen Victor Aspe arkitektoak irteera puntuan bildu ziren 40 bat lagunak. 

Bideoklip bat kaleratuta ospatu zuten 16. urteurrena 

Hamasei urte igaro dira Lasarte-Orian Xumela korua sortu zenetik. Orduz geroztik ez da festarik igaro herrian beraien abestirik gabe. 45-50 lagun inguru elkartzen dira astelehenero Landaberri Oriarte institutuan 19:30ean. Ondo pasatzeko, bizitzari alaitasun puntu bat emateko eta euskal kantu tradizionalak abesteko asmoarekin. Urtean zehar antolatzen dituzten egitasmoetan are handiagoa izan ohi da taldea, 70 bat partaide izateraino.

Ehun herritar baino gehiago Behobia-Donostia lasterketan

Lasarteoriatar ugarik parte hartu zuten 57. Behobia-Donostia lasterketan; ehun baino gehiago helmugaratu ziren. Herritar azkarrenak  Jon Presa (01.08.53) eta Ana Bienzobas izan ziren (01.41.12), eta patinatzaileen kategorian, Ximon Villalobos (35.29).

Dominak irabazi zituzten LOKEko judokek

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) judokak txapelketaz txapelketa ibili ziren azaroan. Nabarmentzekoak izan ziren Asier Sagastik Euskadiko txapelketan irabazitako zilarra eta Haritz Urdangarinek Gipuzkoa mailan jantzitako brontzea.

Radu Ratoi eta Antonio Serrano bikain aritu ziren

Zero Sette orkestrak antolatutako XIX. Akordeoi jaialdian, Radu Ratoi akordeoi jotzaile moldaviar-errumaniarrak eta Antonio Serrano harmonika jotzaileak euren trebezia erakutsi zieten bertaratutakoei. Ohi bezala, haien saioak amaitu eta gero aitortza jaso zuten antolatzaile eta udal ordezkarien partetik.

Aurtengo literatur lan onenen egileek sariak jaso zituzten 

Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan egindako ekitaldian jaso zituzten euren sariak aurtengo irabazleek. Haur eta gazteen lehiaketan lan kopurua hazi egin dela nabarmendu zuen Kultura eta Hezkuntza batzordeburu Maite Iglesiasek: 132. Helduen sariketan, aldiz, 90 poema eta 126 mikrokontakizun aurkeztu zituzten.

Odolkiak ordainetan jaso zituzten Extremadura Etxean

VI. Txerria Hiltzearen jaia ospatu zuten Ama Guadalupe Extremadura Etxean. Berrobiko hiltegian animalia hil ondoren, Sasoetako egoitzan zatikatu eta lortutakoarekin txorizoak, odolkiak eta plater goxoetarako osagaiak lortu zituzten.

Santa Zezilia omendu zuten

Musikarien zaindarien eguna ospatu zuen Alboka Abesbatzak, eta San Pedro elizako meza girotu. Lau doinu eskaini zizkieten elizan zeuden sinestunei, korutik: Claude Goudimel eta Joanes Haranbururen Salmoa, Hanaq pachap kusikuynin 1631 urteko abesti perutarra, Ola Gjeilo-ren Ecce Novum eta Felipe Gorritiren Agur Jesusen Ama.

Betiko amaitzea eskatu zuten 

Aurten ere agertu dira lasarteoriatarrak emakumeen aurkako indarkeriaren kontra. Azaroaren 25aren harira, askotariko ekimenetan parte hartu zuten, beste behin, indarkeria matxista gaitzetsi eta horrekin amaitu behar dela eskatzeko. Horren harira, kontzentrazio eta manifestazio bana aurrera eraman zituzten udalak eta Asunak talde feministak, hurrenez hurren.

Prestatu ostean, ekin
Sentitu fasean euskaraz hitz egiteko motibazio kolpea jaso ostean, Prestatu hasi zen. Izenak ongi dioen moduan, azaroaren 18an hasi zen Euskaraldirako prestatu ziren herritarrak, Eta ekin! faserako, Bea Egizabal eta Intza Alkain guruzaleen laguntzarekin.