2022ari errepasoa: urria

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00
Herritarrek gogotik gozatu zuten Sentitu faseaz.

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, hamabi hilabeteotan gertatu denaren errepasoa. Hona hemen urriak eman zuena.

Adinekoen Omenaldi Asteaz gozatu zuten herritarrek

Urrezko ezteien ospakizuna, bazkari herrikoia, dantzaldia, jokoak... Adinekoen Omenaldi Astea aurrera eraman zuten Lasarte-Oriako Udalak eta Biyak Bat elkarteak. Cesar Aparicio Marin eta Asun Etxeberria Elizalde (92 urtekoak biak) eseri zituzten ohorezko mahaian.

Festa gogoa asebete zuten Sasoetako auzotarrek

Hilabete luzez itxaron behar izan dute Sasoetako bizilagunek auzoko festak berriro bizi ahal izateko. Zain egondako denbora, ordea, erraz ahaztu zuten asteburuan eta gogotsu heldu zioten berreskuratutako aukerari. Horretarako, Sasoeta Sasoian elkarteko kideek egitarau zabala prestatu zuten giro onean gozatzeko. Suziri hots ugari entzun ziren hiru egunetan, lehena, Lourdes Gundinek eta Oihana Izpurak irakurritako pregoiaren eta Bagri liburu dendako Antonio Barrenetxea eta Conchi Grijalba senar-emazteen omenaldi hunkigarriaren ondoren entzun zen.

Hautagaitzak aurkezten hasi ziren alderdiak 

Datorren urteko maiatzean izango dira udal eta foru hauteskundeak. Lasarte-Oriako alderdiak urrian hasi ziren hautagaitzak aurkezten: EH Bilduk iragarri zuen Esti Garmendia izango dela zerrendaburua, eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek ezagutarazi zuen Miguel Angel Tolosa izango dela alkategaia.

Galardiren lana saritu zuen Euskal Kazetarien Elkarteak 

Maider Galardi F. Agirre kazetari eta ikerlari lasarteoriatarrak lau urtez egin du Berria FM podcast feminista. Haren lana saritu zuen Euskal Kazetarien Elkarteak, Kazetaritza Digitala-Narratiba Berriak kategoriako aitortza berari eginda.

Hodei Murgiondo, Euskal Herriko surflari onenen artean

Hodei Murgiondo surflari gazteak maila bikaina erakutsi zuen maiatzetik urrira, Euskadiko zein Bizkaiko zirkuituetan, 12 eta 14 urtez azpiko txapelketetan. Lehen postuetan sailkatu zen proba ugaritan.

Buruntzaldeko Ibilbideen Egunean, parte hartze handia

Eguraldi paregabea eta beroa lagun, herritar ugarik Buruntzaldeko ibilbide ezberdinez gozatzeko hautua egin zuten. Lasarte-Oriako Elizatze plazako kontrol puntutik atera eta Andoain, Usurbil edo Urnieta izan zuten helmuga.

Joseba Sarrionandia gonbidatu zuten Irakurle Txokoko kideek

Lasarte-Oriako Irakurle Txokoko lagunek ikasturte berriari ekin zioten. Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarra izan zen lehen gonbidatua: Bizitza ez al da oso arriskutsua? saiakerari buruz mintzatu ziren Antonio Mercero guneko hitzaldi aretoan. Azken kurtsoetan bezala, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria dinamizatzen ari da taldea.

Herria rally zirkuitu bilakatu zen beste behin

San Sebastian Circuit Spirit-ek antolatutako auto klasikoen eta kirol autoen V. nazioarteko rallyak Lasarte-Orian geldialdia egin zuen. Aurtengo 120 bat partaideek motor hotsez bete zituzten herriko kaleak. 2017an hasi zen Donostia Circuit Spirit. Ekitaldi honen nahia 1923 eta 1935 urteen artean Donostiako automobil zirkuituan izandako lasterketak gogora ekartzea da.

Aniztasunaren garrantzia irudikatu eta omendu zuten

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Kuikui ikuskuzinaren emanaldia egin zuten Manuel Lekuona Kultur Etxean. Abagunea baliatu zuten Jalgune eta Ttakun Kultur Elkarteari omenaldi txiki bat egin eta txori habi bana oparitzeko. Pausoka-pausoka, Maite zaitut eta Txoria nintzela abestu eta dantzatu zituzten, besteak beste.

Emanaldi hori gauzatu eta egun batzuetara aurkeztu zuen hirukoteak lan berria: Ez gara jaitsiko. Aipatu proiektuak Alboan gobernuz kanpoko erakundearen Amazonia Gara kanpaina du oinarri eta abiapuntu. Hala, Iratiko basotik Amazoniara arteko bidaia egingo dute hiru pailazoek, zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar.

Hemengo eta hango kultura lotu zuten Aste Kulturalean

Semblante Andaluz elkarteak Aste Kulturala aurrera eraman zuen, Lasarte-Oriako nahiz Andaluziako kulturak lotzeko asmoz. Egin zituzten jardueretako batzuk izan ziren sevillana emanaldia, gure herriaren historiari buruzko hitzaldia eta Aurelio Gallardo musikariaren kontzertua.

'Abrazo' lana oholtzaratu zuen Nerea Martinezek

XVIII. Dantza Zirkuituaren barruan, Nerea Martinez dantzariak sortu eta interpretatutako Abrazo lanaren emanaldia ikusteko aukera izan zuten Manuel Lekuona Kultur Etxera joandakoek. Besarkadaren zirrara eta zizelkatzearen ideia gorpuztu zituzten dantzariek, eraldatzeak eta igarotzeak uzten duten aztarna iradokiz.

Garaipenarekin hasi zuten denboraldia seniorrek 

Ostadar Saskibaloia saileko 1. senior taldeak lehen jardunaldia jokatu eta garaipena lortu zuen: Goizper Group BKErekin neurtu zituen indarrak eta 46-30 irabazi zuen. Garaipen garrantzitsua izan zen 2022-2023 denboraldirako guztiz eraldatu den jokalari multzoarentzat.

Irratsaio itxurako kontzertua, Jalgi kafe antzokian

Antuxuna eta Patx bikoteak emanaldi berezia egin zuen Jalgi kafe antzokiko eszenatokian. Beste talde batzuetan aritutako bi musikariek teknologia berriak erabiliz eta Itoiz taldearen abestiak oinarri hartuta Itoizezank ikuskizuna atondu dute. Talde entzutetsuaren unibertsoan barrena bidaia, irratsaio bezala irudikatutako esperimentu bat da.

Aitor Manso pilotua, Urrakiko zein Urbasako podiumetan

Aitor Manso eta Alejandro Lopez herritarrek Urrakira igoera proban parte hartu zuten. Mansok sailkapen orokorreko bigarren postua eskuratu zuen Joseba Iraolaren atzetik; 8. mailan, aldiz, garaikurra altxa zuen.

Martutenera hurbildu zuten Ibon Fernandez Iradi herritarra

Hala jakinarazi zuen Etxerat Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen Elkarteak. Lannemezanen (Frantzia) egon zen urri erdialdera arte. Esklerosi anizkoitza du, eta hori dela eta, gaixo larrien zerrendako euskal presoetako bat da Fernandez. 

Ikurrina bat jarri zuten Buruntza mendian

Buruntza mendira igotzen direnek metalezko egitura bat ikusiko dute orain dela gutxira arte gurutzea zegoen tokian: ikurrina bat (metalikoa hori ere), zutabe zuri baten gainean. Naiz.eus hedabideak zabaldu zuenez, Andoaingo "gazte abertzale talde batek" bere egin du ekimena.

Sentitu fasearekin hasi zen 42 eguneko bidea

Sei urte luze eta gero, Lasarte-Oriak bere festa kuttunenetako batez gozatu zuen, Euskararen Maratoiaz. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkartean 42 eguneko egitasmo bat antolatu zuten, Maratoia bera eta Euskaraldia lotzeko, hiru fasetan banatua: Sentitu, Prestatu eta Eta ekin!. Urriaren 22an hasi zen bide hori, esan bezala, festa giroan.

Mende laurden bete zuen Lasarte-Oria Bai! krosak

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia ere kalera itzuli zen, hiru urteko etenaldiaren ostean. 25. aldiz aurrera eraman zuen kirolaren festa erraldoi hori Ostadar SKTk, sortzaileak omenduta: Imanol Bardaji, Joxean Alberdi, Roberto Rebe eta Gabi Valin. Aitortza horren ostean hasi ziren patinatzaile, lasterkari eta ipar martxalarien probak; 835 parte hartzaile izan ziren guztira. Amaitu zirenean, gaztetxoek hartu zuten helduen lekukoa.