Elkarretaratzea eta brindisa egingo dituzte hilaren 31n, Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 28a, 10:15

Lasarte-Oriako Sarek, Etxerat-ek eta Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak elkarretaratzea aurrera eramango dute hilaren 31n, 19:00etan, Okendo plazan. Horren ostean, euskal presoen aldeko brindisa egingo dute, urtero bezala. Gogoratu dute goiz horretan Martuteneko espetxera joateko deia egin duela Sarek. Herritik hara bertaratzeko trena hartuko dute; geltokian geratu dira, 09:55ean.

Esan bezala, Martuteneko espetxetik hasiko dute aurreneko manifestazioa hilaren 31n, larunbatez, 11:00etan. Trena hartzeko hitzordua jarri du Lasarte-Oriako Sarek: Euskotren geltokian geratuko dira, 09:55ean. Arratsaldean, herri mailako hitzordua ezarri dute: elkarretaratzea eta brindisa, 19:00etan, Okendo plazan. Etxerat elkarteak eta Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak ere parte hartuko dute.

Astebete geroago, Sare Herritarrak antolatutako manifestazio nazionalera joango dira, Bilbora, urtarrilaren 7an. 17:00etan hasiko da mobilizazioa, eta autobus zerbitzua jarriko du herriko taldeak, 15:00etan Tajamar biribilgunean. Ekintza horretara joan nahi duten lasarteoriatarrek Artizar eta Ilargi tabernetan izena eman beharko dute.

"Bidea ez da amaitu"

Aipatu jarduera horiek antolatzeaz gain, euskal presoen egoeraren gainean hausnartu du Sarek, Eguberrien atarian. Espetxeetan gatibu daudenak gerturatu izanagatik, nabarmendu du urratsak daudela egiteke: "Bidea ez da amaitu, pauso asko ditugu emateko oraindik: asko dira, adibidez, legeak aipatzen dituen baldintza guztiak beteta, baimenak jasotzen ari ez direnak, hirugarren graduan 110 presok egon beharko luketela baina 33 daudela, eta abar". Eragileak jakinarazi du bederatzi gradu erregresio egin dituztela agintariek eta "izugarrizko atzerapausoa" dela hori. "Gainera, hamahiru pertsona epaien zain daude eta Entzutegi Nazionaleko fiskaltzaren errekurtsoak etengabeak dira; mendeku eta gorroto ikuspuntu batetik uler dezakegu hori". 

Horren guztiaren aurrean, Sarek nabarmendu du lanean segiko duela, "elkarbizitza eta etxeratze prozesua normaltasunez burutzeko desioa" duten guztiekin batera. "Aktibazioa eta mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu bidea egin arte". 

Bestalde, euskal preso ugari gerturatu izana balioan jarri du eragileak. "Etxe askotan hutsuneek jarraitzen badute ere, presoak hurbilago izateak izugarrizko zama gainetik kentzea dakar". Hori lortu izanaren aitortza egin die "34 urtetan zaintza lanetan aritutakoei, kaleak aktibo ibilitakoei eta eremu instituzionalean, politikoan zein sindikalean lan egin dutenei".