Next Generation funtsak Basaundiren birgaitze integrala finantzatuko du

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 26a, 11:53

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi duenez, Europar Batasunaren Next Generation funtsak 4.388.195 euro bideratuko ditu Basaundiren birgaitze integralera.  Eusko Jaurlaritzak emandako 2.800.000 euro eta udalak jarriko dituen 2.390.000 euroko aurrekontuak osatuko ditu ekarpen horrek. Agustin Valdivia alkateak sinatu du akordioa, Madrilen.

Europatik etorriko den laguntza hori Basaundiko eraikinen birgaitze energetikora bideratuko du udalak. Hilaren 20an berretsi zuen hitzarmena Agustin Valdivia alkateak, Espainiako Gobernuko zenbait ordezkarirekin: Garraio ministro Raquel Sanchez eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuorde Miguel de los Toyos. Akordioa sinatu eta gero egindako adierazpenetan, Valdiviak adierazi zuen "apustu irmoa" egin duela udalak gure herriko bizitegi parkea birgaitzearen eta haren irisgarritasuna hobetzearen alde. 

Udalak ezagutarazi duenez, proiektua "oso aurreratuta" dago, eta Basaundin bizi diren herritarrek erakutsi dute obrak egiteko eta laguntzak eskatzeko asmoa. Prozesu hori burutzen laguntze aldera, auzoko bulego bat jarri dute Basaundin, bizilagunen eskaerak bideratu eta egitasmoa garatzeak ekar ditzakeen arazoei erantzuteko.