Hasieratik aritu da Gorka Marcos herritarra, Celta taldearen aurkako Errege Kopako kanporaketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 23a, 14:40

Gorka Marcos herritarra (behean, eskuinetik hasita lehena), gainerako taldekideekin, partida hasi aurretik. Argazkia: Gernika SD:

Amaitu da Gernika SDren ametsa. Santander ligan (lehen mailan) jokatzen duen Vigoko Celtarekin neurtu zituen indarrak atzo iluntzean, eta 0-3 galdu zuen. Bizkaitarrek irabazterik izan ez bazuten ere, ez dute berehalakoan ahaztuko atzoko partida, punta-puntako jokalarien aurka aritu baitziren. Hasieratik jokatu zuen Gorka Marcos herritarrak, 10 zenbakiarekin.

Galiziako taldea izan zen norgehiagokaren jaun eta jabe, lehen ordu erdian bizkaitarrak oso sendo aritu baitziren ere. Carles Perezek sartu zuen 0-1ekoa. Atsedenalditik bueltan, partida berdindu eta Celta urduritzen saiatu zen Gernika, baina Joseph Aidoo atzelariak aldea handitu zuen markagailuan, korner jaurtiketa bat buruz sareratuta. De la Torre harrobiko jokalariak sartu zuen hirugarren gola. 

Bukatu da Gernikaren ametsa, baina ezin esan Errege Kopan zeresanik eman ez duenik, izan ere, bigarren mailako Leganes kanporatu zuen azaroan, penalti jaurtiketetan (neurketa 0-0 amaitu zen). Orduko horretan ere titular izan zen Marcos; denboraldi bikaina egiten ari da.

Gernika-Celta, fitxa teknikoa

  • Gernika: Altamira; Agirrezabala, Berasaluze, Arberas, Vega, Carlos Gonzalez (Iriondo, 84. minutua); Yeray Carpio (Agirre, 63. m.), Gorka Marcos (Ortega, 63. m.), Salado; Josu Gallastegi (Giovanni, 63. m.) eta Ibai Sanz (Lamin Juwara, 76. m.).
  • Celta: Ivan Villar; Mingueza (Swedberg, 76. m.), Aidoo, Unai Nuñez; Carles Pérez (Hugo Mallo, 74. m.), Beltrán (Oscar, 74. m.), Gabri Veiga, Cervi (De la Torre, 56. m.), Javi Galan; Paciencia (Aspas, 56. m.) y Larsen.