EDUKI BABESTUA

44 urtez lan eta lan ibili ostean, erretiroa hartuko du Maite Erkiziak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 23a, 14:44
Maite Erkizia eta Ainhoa Egaña, Blas de Lezo 5 zenbakiko lokalean.

"Pena ematen dit lana uzteak, baina gustura nago hartutako erabakiarekin". 44 urte jo eta ke aritu da Maite Erkizia, bezeroak ezin dotoreago uzten, Blas de Lezo kaleko 5. zenbakiko ile-apaindegian. Erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio, eta "lasai" doa, negozioa azken hiru hamarkadetan lankide izan duen Ainhoa Egañaren esku geratuko delako. Eskerrak eman dizkie bezero, senide, lankide eta herritar guztiei.

Blas de Lezo kalean bizi den edonork ezagutzen du Maite Erkizia ile-apaindegia, izan ere, 1978ko abenduaren 4an zabaldu zuen negozioa jabeak, Maite Erkiziak berak, Andoaindik Lasarte-Oriara bizitzera etorri zenean. "Herriko mutil bat ezagutu, eta pisu bat erosi genuen 18 urterekin, Blas de Lezo kaleko 5. zenbakian". Gaur egun lokal dotore bat dute, baina hasierako urteetan etxean bertan artatzen zituen bezeroak Maitek, Ixiar ahizparekin batera, 2. solairuan. "Lehen momentutik lan mordoa izan genuen, bezero asko etortzen zen: a tope ibiltzen ginen, baina oso-oso gustura beti". 

Ile apaindegia ireki eta sei urtera jaio zen Maiteren lehen alaba, Naiara. Zazpi urte geroago bigarrena, Eneritz. Familia izatea erabaki zuen Ixiarrek ere, eta orduan erabaki zuten langileak kontratatzea. "Garai horretan hasi zen lanean Ainhoa Egaña, 30 urte daramatza gurekin". Berak hartuko du Maiteren lekukoa, ia lau hamarkada eta erdi pasa ostean erretiroa hartzea erabaki baitu. "Nire buruari 'bukatu da' esan diot, uzteko garaia dela uste dut, bilobak ditut honezkero... Pena ematen dit, baina gustura nago hartutako erabakiarekin". Pozik eta lasai pasako dio lekukoa Ainhoa lankideari Maitek. "Gure bezeroak ongi tratatzen jarraituko duela badakit; ilusioa egiten dit berak jarraitzeak ile-apaindegiarekin". 
Esker hitzak bezero, auzotar eta familiari

"Lasarte-Oriatik bakarrik ez, leku askotatik etorri izan dira bezeroak gugana; eskerrak eman nahi dizkiet horiei guztiei", adierazi du Maitek, hunkituta. Hitz ederrak izan ditu baita ere Blas de Lezoko auzotar eta gainerako herritar guztientzat, baita familiarentzat ere: "Agur ekitaldi bat antolatu zuten hilaren 17an, sorpresa izan zen niretzat, ez nekien ezer!", aitortu du. Horregatik ere "oso-oso pozik" dagoela esan du Maitek: "Oso egun polita izan zen".