Baten faltan, bost. Hori izan da Moriarti Proiekzioak-en Balenciaga telesailaren ekoizpen lanetan aritu diren lasarteoriatarren kopurua. Ione Artola jostun aritu da eta Jokin Ayerregaray, berriz, jantzitegian. Ane Arteagak, errejidore lanak egin ditu, eta talde berean aritu da Ander Armendariz arotza ere, atrezzoetako dekoratuak prestatzen. David Heras ere gehitu da herritar talde horretan; efektu bereziekin aritu da lanean, eta horiengandik jakin ahal izan dugu seigarren herritar bat ere aritu behar zela: Ioritz Apaolaza. Zoritxarrez, ordea, moto istripu batean hil zen iragan martxoan; gogora ekarri nahi izan dute elkarrizketatuek.
Bi hilabete pasatxo igaro dira telesailaren grabaketa lanak amaitu zituztenetik, eta oraindik lan hori noiz pantailaratuko duten jakin ezin dugun arren, protagonista lasarteoriatar horietako batzuekin hitz egin du txintxarri aldizkariak: Artolarekin, Arteagarekin eta Ayerregarairekin. Aukera hori baliatu du zein lanetan aritu diren galdetu, hori bildu eta horren berri emateko.
Beste hainbat gauzen artean, kontatu dute "ederra" izan dela "hainbeste" herritarrek bat egitea proiektu berean, eta batzuek elkar ezagutzen bazuten ere, beste batzuek ezetz. Horretarako ere balio izan diela esperientziak, eta harreman politak eraiki dituztela.
Euskal moda diseinatzaileaz
Getariarra zen Cristobal Balenciaga moda sortzailea, eta haren bizitzaren eta sorkuntza lanaren berri emango du arestian izendatutako ekoiztetxearen telesailak. Sei kapituluz osatuta dago, eta Espainiako Gerra Zibiletik hasi, eta 70eko hamarkadaren hasierara bitartean gertatutakoak erakutsiko ditu, jostun eta arrantzale seme izateari aurre egitera ausartu zen gizon baten istorioa kontatuz.
Detaile gutxi eman daitezke oraindik orain, baina jakina da, adibidez Alberto San Juan aktoreak gorpuztuko duela Balenciaga, eta berarekin batera arituko dira beste hainbat eta hainbat zinema izar gehiago ere. Aktoreek duten berezko distira bazter utzi gabe, diz-diz gehiago egin dezaten lan egin dute ekoizpen taldeko langile guztiek, horien artean lasarteoriatarrek. Zehazki zein lanetan aritu diren, eta zer nolako esperientziak bizitu dituzten kontatu dute; honako testigantzak jaso ditugu.
IONE ARTOLA: "Inoiz imajinatu ez nuen opari ederra izan da telesailean lan egitea; betirako eramango dudan bizi esperientzia"
Balenciaga telesaileko aktore eta figuranteen jantziak josten aritu da Ione Artola (Lasarte-Oria, 1963) herritarra. Iratxe Estandia jostun donostiarraren eskutik jaso zuen bertan parte hartzeko lehen proposamena –2019. urtean ezagutu zuten elkar, Woody Allenen film grabazioan–. Estandiak, Balenciagako lanetan aritzeko eskaintzarekin batera, beste bat ere jaso zuen, eta bietan aritu ezinik, Balenciaga ez besteari eustea erabaki zuelako sortu zitzaion Artolari aukera. "Pozarren" jaso zuen eskaintza, eta "zalantzarik gabe" onartu. Handik gutxira, produktorako dei bat jaso zuen, eskaintza bera eginez, eta orduan ere "baiezko borobila" eman zuela ekarri du gogora.
Aukera hori "berarentzako" zela pentsatu zuen hasieratik. Kontatu du AEG ikastetxean egin zituela goi mailako joskintza ikasketak, eta orduan, Balenciaga ikasteaz gain, moda sortzailearen gaineko lan bat egitea egokitu zitzaiola bere taldeari. Gailendu du miresten duen jostuna dela Balenciaga.
Aktore eta figuraziokoen arropaz betetako zintzilikarioetako jantziak josi eta josi aritu da, egunero zortzi orduz. Orotara, bost hilabeteko lana izan da; maiatzaren 16an hasi eta urriaren 16an amaitu baitziren bere eginbeharrak.
Balenciagak jantzi "ikusgarri bezain ederrak" josten zituela nabarmendu du, eta bereizgarri gisa, bolumen asko erabiltzen zituela. Horren berri jaso ahal izango dute ikus-entzuleek telesailaren bitartez. Gaur-gaurkoz ezin du informazio gehiegirik aditzera eman, baina azaldu du, Getariako jostunaren bizitzaren berri emango duela; haurra zenetik zahartzarora bitarte, hortaz, hamarkada ezberdinetan bidaiatzeko aukera izango dutela ikusleek. Hori hala izanik, garai ezberdinetako jantziak ikusi eta ezagutzeko aukera ere eskainiko du telesailak: "Hamarkada bakoitzeko janzkerak ezberdinak ziren". Aktoreak janzteko Bina Daigeler eta Pepo Ruiz diseinatzaileek egin duten lana goraipatu du.
ANE ARTEAGA: "Espazio errealen erreplikak egin behar izan ditugu; exijentzia handiko lana izan da"
Urte mordoa daramatza Ane Arteagak (Lasarte-Oria, 1975) errejidore lanetan. 1998. urtean lan egin zuen lehenengoz film luze batean, eta orduz geroztik, etengabe ari da zeregin horretan. Filmen gidoi eta eszenetako dekoratuak prestatzen ditu, eta hori bera izan da Balenciaga telesailean bere eginbeharra. Mikel Serranorekin –Moriarti Produkzioak ekoiztetxearentzat arte zuzendari gisa lan egin ohi du–, eta hortik etorri zaio bertan aritzeko aukera. Nabarmendu du aipatu ekoiztetxeko zinema zuzendari Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren lana zelako onartu zuela bertan aritzea, "asko" gustatzen baitzaio euren lana. Aitortu du ez dela "batere" moda aditua, eta Balenciagaz ere ezer gutxi zekiela, eta aukera bikaina eskaini diola telesailean aritzeak Getariako moda diseinatzaileaz ikasteko.
Gozatu du esperientziaz, ezinbestean, baina aitortu du "gogorra" ere egin zaiola: "Telesailen grabazioak asko luzatzen dira denboran, eta neketsua egin zait". Jakinarazi du zailtasun maila handiko hainbat lan egin behar izan dituela, sortu beharreko dekoratuak ez baitituzte asmatu. Besteak beste, Balenciagak lanerako erabiltzen zituen hainbat espazioren erreplikak egin behar izan dituzte hutsetik, eta errealitate bat kopiatzea, hutsetik asmatzea baino "askozaz ere zailagoa" dela nabarmendu du: "Horiek izango dira kapituluz kapitulu errepikatuko diren dekoratu garrantzitsuenak, eta ahalik eta berdinen sortzea izan da gure lana". Detaile handiegirik eman ezinik, aurreratu du diseinatzailearen Parisko eta Madrilgo 'maison'-ak ikusi ahal izango dituela ikusleak telesailean, besteak beste.
Atrezzo guztiak sortzeko materiala nola eskuratzen duten galdetuta, kontatu du asko erosi egin behar izaten duten arren, arreta berezia jartzen diotela materiala alokairuan hartzeari, grabazioa amaitzean erabilitako guztia bertan geratzen baita. Aurreratu du baita ere, jantziekin bezala, dekoratuekin ere hamarkada aldaketak nabaritu ahal izango dituztela ikusleek: "Lan handia egin dugu hori ere erakusteko".
JOKIN AYERREGARAY: "Euskal erreferentziak ere txertatu zituen modan; arrantzaleen jantziak, adibidez"
Jantzitegian aritu da lanean Jokin Ayerregaray (Lasarte-Oria, 1991), batez ere figurazioan aritu direnen jantziekin lanean. Esperientzia "oso polita" izan dela nabarmendu du, nahiz eta aitortu duen "inplikazio eta esfortzu handia" eskatu diola: "Lanordu asko izan dira, baina asko ikasi dut; Balenciaga ere gertuagotik ezagutzeko aukera eskaini dit ekoizpen lan horretan aritzeak", gaineratu du. "Profesional handiez inguratuta" aritu da, eta eurengandik ahal izan duen guztia ikasteko ere baliatu du esperientzia.
Aurreratu du modaren munduko "maisu" bati egindako omenaldia izango dela telesaila, eta estetikoki "oso lan landua" ikusiko dutela ikusleek.
Getariako moda diseinatzaileaz kontatu du "esparru horretan prodijio handienetako bat" izan zela, euskal kulturan "balioetsi" den sortzailea. Halere, azpimarratu du gizarteari "ezezaguna" zaiola: "Jende askok badaki Balenciaga jantzi etxe famatu bat dela, baina inork gutxik daki moda munduari egin dion ekarpena. Oihal mota berriak sortu zituen, baita patroigintzakoak ere, eta euskal erreferenteak ere txertatu zituen moda munduan, euskal arrantzaleen garaiko jantziak, adibidez". Ayerregarayk uste du Frantzian "estima handiagoa" zaiola, edo "begirune handiagoa" diotela.
Kontatu du Balenciagak kalitate handiko eta detaile askoko jantziak janzten zituela, eta horren janzkera horren berri ere emango duela telesailak, garaian garaikoa erakutsiz. Artolak eta Arteagak esan duten bezala, diseinatzailea bizi izan zen hamarkada ezberdinek garrantzia baitute proiekzioan, eta Ayerregarayk ere bat egin du horrekin: "Garai bakoitzak badu bere zapata mota, baita barruko arropa, jaken edo gonen luzera jakin bat, adibidez. Horiek ondo erabiltzeak ematen dio errealismoa edozein ekoizpeni. Hori ere zaintzen ez bada, sinesgarritasuna galtzen du produkzio lanak".