Urteari behar bezalako agurra emate aldera, San Silvestre Lasarte-Oria lasterketa aurrera eramango du zeregin horretan urte batzuk daramatzan taldeak, udalaren laguntzarekin, hilaren 31n. Aurreko aldietan ez bezala, goizez aurrera eramango dute kirol proba, 12:30ean hasita. Korrikalariek, patinatzaileek eta ipar martxalariek egingo dute sei kilometroko ibilbidea, Okendo plazatik hasita. Antolatzaileek azpimarratu dute garrantzitsuena ez dela lehiatzea, mozorrotu eta tarte eder bat igarotzea baizik.
Festa ez da 12:30an hasiko, ordubete lehenago baizik: pintxo pote solidarioa hasiko da11:30ean. Ekarpen ekonomiko baten truke, salda eta txorizo egosia emango dute. 12:00etan haur kanpaikadak egingo dituzte Porrotx pailazoarekin batera, eta bost minutu geroago beroketa musikatua hasiko da, Saito gimnasioko lagunen eskutik. Azkenik, lasterketa hasi aurretik, Iñaki Urruzola DJak musika girotuko du.
Izena emateko aukerak
Izen ematea hiru modutara egin daitekeela azaldu dute: www.sansilvestrelasarteoria.com webgunean hilaren 28ra arte, 7 euroren truke; 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara Antonio Mercero gunean, hilaren 29an eta 30ean, 10 euroren truke; eta San Silvestrearen egunean bertan, 10:00etatik 11:00etara, Antonio Mercero gunean, 15 euroren truke. Parte hartu nahi duten lasarteoriatarrek 16 urte izan beharko dituzte gutxienez.
Lasterketa bukatu eta gero, ohi bezala, sariak banatuko dituzte antolatzaileek, Okendon. Ez hori bakarrik: opari ugari zozkatuko dituzte partaideen artean.
Antolatzaileen oharrak
Antolatzaileek jakinarazi dute debekatuta egongo dela izena eman gabe edo dortsalik gabe parte hartzea, izan ere, izena ematen dutenek istripu aseguru bat izango dute, proban zehar gerta daitekeen edozen ezbeharren aurrean estaldura izateko. Beraz, inskribatu gabe edo dortsala jarri gabe aritzen direnek ez dute berme hori izango, eta antolakuntzak ez du erantzukizun hori bere gain hartuko. Era berean, edozein partaide kalera dezake, kasu hauetan: norbait iraindu edo molestatzea, besteen edo bere segurtasunaren aurkako edozer egitea eta antzeko jokabideak. Bestalde, inork ezingo ditu sei kilometroak animaliaren batekin egin.
Partaideek ez dute txipa beharko proba burutzeko, taldeka ez da izenik eman beharko eta ez da dutxa nahiz arropa jasotzeko zerbitzurik izango.