Ostadar Boleiboleko taldeek ezin izan zuten garaipena eskuratu

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 21a, 10:30

Ostadar Boleibol taldeek ez dute zapore onarekin hasi Gabonetako atsedenaldia. Hilaren 17 eta 18ko jardunaldian urdin beltzek ez zuten garaipenik erdietsi. Jubenil taldeak astebete lehenago amaitu zuen lehia eta aurretiko faseko neurketarik ez du galdu; bere multzoko buru izan da

Ostadar Boleibola taldeko infantil taldeek euren zaletuen aurrean jokatu zuten Gipuzkoako aurretiko faseko azken jardunaldia, Maialen Chourraut kiroldegian. Ostadar A zein B taldeek Hernaniren aurka lehiatu ziren hilaren 17an eta bi partidetan aurkaria izan zen garaile.

Eguneko lehen partida borrokatua izan zen eta azken setean erabaki zen (25-17, 15-25, 20-25, 25-11 eta 7-15). Bigarrenean, aldiz, 0-3 nagusitu zen Hernani 2.

Euskal Ligako taldeek ere ez zuten zorte hoberik izan eta biek 1-3 galdu zuten. 

Mutilen taldeak lehen seta eskuratu arren, gainerako hiruretan ezin izan zuen Udapa  Jatokideren jubenilen aurka.

2. mailako jokalariak ederki egin zioten aurre Navarvoleyri. Alabaina, lehen seta bakarrik irabazi ahal izan zuten.

Jubenilak, lehen faseko buru

Jubenil mailako taldeak, aldiz, ez zuen jardunaldirik izan. Hilaren 11n jokatu zuen aurretiko faseko azken neurketa eta 3-0 irabazi zion Hernaniri.

Talde urdin beltzak ez du norgehiagokarik galdu txapelketa horretan eta horri esker, sailkapeneko buru amaitu du bere multzoko lehia.