Bat etorri dira epaimahai profesionalaren eta herritarren iritziak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 21a, 09:41

Ventanas Alcar-rek sari bikoitza irabazi du; epaimahai profesionalarena, eta herritarrena. 

Gabonetako erakusleiho gustukoenak saritu ditu Aterpea merkatarien elkarteak. Udalbatzar aretoan egin dute ekitaldia, eta Lasarte-Oriako komertzianteekin batera, Lourdes Acevedo alkatea ordea eta Mikel Corta Rural Kutxako ordezkaria. Azken horiek arduratu dira garaikurrak banatzeaz. 

Urtero bezala, aurten ere hiru sari banatu dituzte. Epaimahai profesionalak aukeratutako saritua jakinarazi dute lehena. Amaia Gonzalez Caballero dantza eskolako Amaia Gonzalez, Biyak Bat egoitza, Rural Kutxa eta Ttakun Kultur Elkarteak osatu dute epaimahaia. Horien iritziek deliberatu dute Ventanas Alcar-en Gabonetako dekorazioa garaile. Bigarren postuan sailkatu da Mabel arropa denda, eta hirugarrenean, aldiz, Ormazabal loradenda. 

Aterpearen saria banatu dute gero. Ohi bezala, herritarrek aukeratu dute irabazlea, eta aurten, bat etorri da horien iritzia, epaimahai profesionalarenarekin, izan ere, sari horren garailea ere Ventanas Alcar izan da. Bigarren postua, berriz, Mabel arropa dendak eskuratu du, eta, herritarren hirugarren erakusleiho gustukoena Alba arropa dendarena izan da. Bertan parte hartu duten lasarteoriatarren artean 200 euroko bo erosketa txartel zozkatu dituzte (bat sare sozialen bidez bozka eman dutenen artean, eta, bestea, ordea, postontzietan bozkatu dutenen artean) eta Laura Recio eta Encarna Alejos izan dira saritua. 

Sariak jaso eta gero, hitza hartu zuen Ventanas Alcar-eko jabe Luis Mari Carballok hartu zuen hitza, eta esan, irailaz geroztik aritu direla apaingarriak prestatzen. Lan asko egin dutela adierazi du, eta, noski, eskerrak eman dizkie euren erakusleihoen alde bozkatu dutenei. 

Ekitaldia amaitu ostean, Buenetxea tabernara joan dira aretoan bildutakoak eta luntx eder bat egin dute elkarrekin.