Bederatzi lagunek osatu dute aurtengo taldea, irakasleak eta zortzi ikaslek. Azken horien artean, gainera, lau ikasle berriak izan dira. Denak ala denak "fin eta gogotsu" aritu direla nabarmendu du Artolak, eta gailendu, giroa ere "ona" izan dela. Josiz osatutako zein lan egin dituzten ere kontatu du: hainbat estilotako gona eta alkandorak, zapiak, gerruntzeak, galtzak, eta baita haurrentzako zenbait jantzi pieza ere, besteak beste. Galeria txiki honek ezin erakuts ditzake sortutako lan guztiak, baina horiek denak zeinen dotoreak diren ikusi nahi duten herritarrek, txintxarri aldizkariaren web atarian egin dezakete.
Bestalde, tarte hau baliatu nahi dugu, urte berria hastearekin batera Ttakun Kultur Elkarteak, Artolarekin elkarlanean martxan jarriko duela Titare ikastaroa iragartzeko. Oraindik hasiera datak zehaztu gabe dituzte arduradunek, baina argitu dutenez, izen ematea urtarrileko lehenengo astean egin beharko dute interesdunek.