Eskaintza eta zozketa bidez bildutako elkartasuna

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 17a, 10:15

Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak enkante kolektiboa aurrera eraman zuen ostiral arratsaldean. Herriko zenbait sortzaile eta bizilagunek sortu eta emandako produktuak jarri zituzten eskuragarri, eta eskaintza onena egin zuenak eskuratu zituen.

Argazkiak, egurrezko tailak, marrazkiak, baserritar jantzia, gitarra... Enkantean jarritako produktu gehienak ikusgai zeuden bi mahaitan, haien aurrean bi aurkezleak eta taberna inguru guztian saioa ikusi edo erosteko gogoz joandakoak. Bea Egizabal eta Intza Alkain aurkezleek maisuki azaldu zuten pieza bakoitza; edukia eta erabilera posible ugari bururatu zitzaizkien, zalantzarik gabe.

Irteerako salneurria adierazi eta nahi zuenak bere eskaintza egin zuen. Batzuek euliak hiltzeko plastikozko gailuak pala gisa erabili zituzten, diru kopuru bat eskaini nahi zutela adierazteko. Proposamenak botatzeko unea amaitzean, jabea erabakitzeko hiruko atzera kontaketa eta plastikozko mailu batekin keinua eginda, "esleituta" esaten zuten aurkezleek. Umore onez aritu ziren eta eskaintza "borrokaren" bat izan bazen ere, galtzaileek umorez onartu zuten beste norbaiten eskuetara joan izana nahi zuten hori.

 

Enkante eta zozketa tartekatu zituzten, opariak eskuratzeko aukera emanez txartelak erosi zituztenei. Noski, zenbat eta gehiago erosi, aukerek ere gora egiten zutenez, baten batek sari bat baino gehiago eskuratu zuen. 

Ordu eta erdi batez aritu ziren pieza guztiak pasatu arte. Batzuk jabe gabe gelditu ziren, baina antolatzaileekin harremanetan jarrita eros daitezke. Amaitzear zirela  erosle anonimo batek erosi zuen umezurtz zegoen egurrezko pala, 100 eurotan. Hala ere, azken pieza GuruBuruen eskua izan zen, bost eurotan eraman zuen etxera bere jabe berriak

Bakoitzak zer erosi zuen errepasatu eta ordaintzeko ordua heldu zen. Presoei laguntzeko 1.500 euroetara  iristeko 150 bat falta zirenez, Azkena! fanzinea erosi edo borondatezko ekarpenak egiteko eskatu zieten bertaratutakoei. 

Ekimena biribiltzeko, Eñaut Zubizarreta Trigger musikariak biolontxelo emanaldi berezia egin zuen.