ESKUALDEA

Ikasleen neurrira eginda dagoen Hezkuntza sistema aldarrikatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 16a, 09:00
Donostiako manifestazioa. Argazkia: Ikama.

Ikama Ikasle Antolakundeak deituta, ehunka ikasle mobilizatu ziren atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Eskualdeko gazteak Donostiako manifestaziora joan ziren.

A15: ZERGATIK MOBILIZATZEN GARA?

Aurtengo ikasturtea aldaketena izango zelakoan hasi genuen ikasturtea ikasleok, baina, beste behin, ez dugu aldaketarik nabaritu. Ikastetxeetako segregazioak bere horretan jarraitzen du, ikasleon beharrek erdigunean egon gabe jarraitzen dute eta pedagogia eredua ere ez dago ikasleriari egokituta. Ikastetxeak ez dira espazio seguruak emakumeentzat* eta euskarak ez du tokirik hainbat eta hainbat institutuetan. Azken batean, hezkuntzak gure neurrira egon gabe jarraitzen du.

Hezkuntza ereduak sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista birproduzitzen duela argi dugu IKAMAko kideok. Ikasleok objetu izaten jarraitzen dugu, subjetu izan beharrean; gure motibazio eza, jasaten dugun presioa eta gure egoera psikosoziala adibide direlarik. Balore indibidualista eta lehiakorretan hezten gaituzue oraindik, eta horrek ez digu balio.

Horregatik, ikasleok beste eredu bat nahi eta behar dugu, eraldaketarako tresna izango dena eta gure beharrak asetuko dituena. 4 gako beharrezko ikusten ditugu IKAMAtik eredu berri bat eraikitzeko: hezkuntza ekologista, feminista, euskalduna eta inklusiboa.

Eredu berria ekologista izan beharko da, bizitza bizigarriak irudikatuko dituena, ikasle eta irakasleen kontzientziak piztuko dituena eta hezkuntza bera sostengarria egingo duena. Gaurko jendarte kapitalsitaren aurrean begirada askatzaile bati bide eman behar dio hezkuntzak, balore indibidualistatik at. Funtsean, oraindik eraiki ez diren bizi ereduez hausnartzeko espazio segurua izan behar du hezkuntzak, eta ez gainezka egin duen bizi eredu hau birproduzitzekoa.

Kapitalismoaz jardun dugu, baina ezin ditugu kapitalismoa eta patriarkatua elkarrengandik bereiziak ulertu. Beraz, hezkuntza feminista baten alde egiten dugu, gizartean inposatzen diren genero eta sexu rolak ez birproduzitzeko. Honekin bat, neskongan* jartzen diren zaintza-lanen eta ardura emozionalen errekonozimendu bat eskatzen dugu. Gainera, adimen emozionalak ez du lekurik gure curriculumean, gure buruak ezagutu eta lantzea ezinezkoa da horrela. Hau esanik, genero zein sexu disidentziak errealitate diren espazio izan behar dute gure ikastetxeek; denontzat espazio seguruak izan behar dute.

Aurreko guztia ezin irudika dezakegu, hezkuntza euskalduna ez bada. Ezin dugu ahaztu nazio zapaldu batean bizi garela, eta ondorioz, gure hizkuntza, historia eta kultura ere zapaltzen direla. Ikasleok gure hizkuntzan ikasi nahi dugu, gure historia ikasi nahi dugu eta gure kulturatik ikasi nahi dugu. Eta ez digu balio hau ez bada Euskal Herri osoan izaten. Euskal Herri osoko ikasle orok izan behar luke aukera berdina euskaraz ikasteko, gaur egun gertatzen ez den bezala.

Azkenik, hezkuntza inklusiboaren alde egiten dugu, bereizketa sistematiko batean bizi garen honetan, erroko aldaketa bat nahi dugulako. Ikasle guztiontzat diseinatutako hezkuntza bat nahi dugu. Arraza, erlijio, sexu, klase sozial, eta beste hainbat ezaugarri direla medio, ikasle bakoitzaren ikasketa prozesua baldintzatuko ez duena.

Beraz, ikasleok zer? Agintarien utzikeria ez dugu guk ordainduko, ezta eredu zaharkitu hau ere; erroko aldaketak behar ditugu. Ikasleok eta zaintza erdigunean dauden hezkuntza behar dugu, segregazio ororekin amaitzeko neurri eraginkorrak behar ditugu. Denok euskaraz ikasteko aukera izan dezagun, Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna eskatzen dugu, eta ikasleon euskalduntzea helburu duen eredu bat behar dugu. Ikasketa prozesuaren doakotasuna bermatzea nahi dugu, ikasleok aukera berdintasuna izan dezagun, eta ikasleen baldintzei egokitutako plan erreal eta malguak behar ditugu.

Guzti hau esan ostean, IKAMAtik argi dugu, hezkuntza, sistema birproduzitzeko dagoen tresna indartsuena dela. Hau horrela, jendartearen eraldaketa erreala bultzatuko duten aldaketen bidean ozen diogu hezkuntza sistema honek ez digula balio! Egungo molde zurrunetik at dagoen sistema bat behar dugu; gure neurrira egokituko dena, ikasleok zaindu eta erdigunean kokatuko gaituena. Sistema honen kateak suntsitu eta bizi eredu bizigarriak erakutsiko dituen pedagogia behar dugu. Finean, herriarentzako eta ikasleontzako eredu bat.

Gaur egungo hezkuntza sistemak hamaika ertzetatik zapaltzen gaituela ikusirik, IKAMAtik, Euskal Herriko hegoaldeko hiriburuetan mobilizazioak deitu ditugu datorren abenduaren 15ean, gure neurrira egongo den hezkuntza bat aldarrikatuz. Beraz, bailarako ikasleriari dei egiten diogu, 12:00etan Donostiako Alderdi Ederretik abiatuko den mobilizaziora. Elkarrekin lortuko dugu gure neurrira dagoen hezkuntza bat!

IKAMA ikasle antolakundea