Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligako finala jokatuko da, igandean, Hernaniko Landare zelaian, 12:15ean. Gasteizko Gaztedi eta Akitaniako Villaneuve de Marsan taldeak izango dira aurrez aurre. Aizpea Racamonde herritarra kide duen Gaztedik hilaren 11n Biarritz Olympique 12-5 garaituz lortu zuen sailkapena, Gamarrako zelaian. Racamonde ez zen zelaian herritar bakarra, neurketa epaile nagusia Jon Ibisate izan baitzen. Finaleko partida baino lehen, 10:00etan, Euskal Ligako zazpigarren jardunaldiko norgehiagoka izango da. Paola Vega herritarraren Hernani Durango Rugby Taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Horrez gain, Jon Ibisate Espainiako Ligako Ohorezko B mailako Gaztedi Uribealdea partidako epaile izango da.