EDUKI BABESTUA

Maite estetika zentrotik erretiroa hartzeko unea iritsi zaio Maite Arroyori

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 16a, 10:00

39 urte igaro dira Maite estetika zentroak lehenengoz ateak zabaldu zituenetik. Bertan aritu da lanean orduz geroztik Maite Arroyo jabea, baina, orain erretiroa hartzeko unea iritsi zaio. Hilaren 31 izango da bere azken laneguna, nahiz eta negozioak aurrera jarraituko duen. Gertakari hori ardatz hartuta, txintxarri-rekin batu da, negozioaren ibilbidearen errepaso labur bat egin, bezeroez agurtu eta horiengandik jasotako babesa eskertzeko.

Lantegi batean ari zen lanean Maite Arroyo, langabezian geratu eta estetika ikastea erabaki zuenean. Arreta deitzen zion profesioa zelako egin zituen aipatu ikasketak, eta horiek amaitzear zituela, ahizpak animatuta, lagun batekin jarri zuen martxan lehen negozioa. Kontatu du ordukoa ez zela gaur egungoa; oraingoaren ondoko lokal batean lurrindegia eta estetika zentroa abiatu zuten. Zortzi urte pasatxo egin zituen bertan, bazkidearekin batera eta denbora hori igarota, bere negozioari ekin zion; gaurko Maite estetika zentroari. Gogora ekarri ditu hasierako garai "ilun eta gogor" haiek: "Inguruko lantegiak ixten ari zirenean egin nuen apustu; uste dut ausarta izan zela, inondik inora burugabea. Pentsa, 39 urte eta gero honaino heldu gara".

Lan ibilbideari amaiera ematea, ordea, hein batean behartuta hartutako erabakia izan dela jakinarazi du Maite Arroyok. Negozioen fakturazioa kontrolatzeko Ogasunak martxan jarri berri duen TiketBai sistemarekin "erretxinduta" agertu da. Ez zaio ongi iruditzen koronabirusak merkatariei eragindako kaltea eta gero sistema horrekin lan egitera behartzea. Gauzak horrela, 2023ko apirilean sartuko denez indarrean sistema horren erabilera estetika zentroetan, eta hori heldu aurretik erretiroa hartzea erabaki du. Derrigortasun horregatik ez balitz, beste "pare bat urtez" jarraituko zukeela nabarmendu du. "Beste zenbait gauza ikasteko gogoa sentitzen dudan arren, teknologia berriak erabilera zaila egiten zait; horrelakoekin ez naiz ondo moldatzen", gailendu du.

Nolabaiteko "lasaitasunarekin" emango dio amaiera bere ibilbide profesionalari, izan ere, bere lankide Maria Ugidos eta Ainhoa Santiagok negozioarekin jarraituko baitute: "Hala izan ez balitz, agian erabakia bestelakoa izango zatekeen". Argitu du, ordea, urtarrilean zenbait egunez itxita egongo dela zentroa; Maite Arroyok erretiroa hartu eta tramite administratiboak tarteko, ezingo baitiote etenaldirik gabeko jarraipenik eman. Dena den, lankideak telefono deiak erantzungo dituztela ziurtatu du.

Duela 39 urte hasitakoa gaurdainokoa izatea ere ahalbidetu dute bezeroek, eta, noski, horiei guztiei eskerrak emateko ere baliatu nahi izan ditu lerrok: "Oso harro, asebeteta eta zoriontsu nago; eta, nola ez, oso eskertuta ere bai urte luze hauetan gure bezero izan diren guztiekin; mila esker guztioi konfiantzagatik!".