Fortunata Hernandez Arroyo herritarrak 100 urte bete ditu

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 15a, 13:00
Fortunata Hernandez Arroyo, bere hiru seme-alaba eta udal ordezkariak, bisitako momentu batean.

Fortunata "Fortu" Hernandez Arroyok gaur urteurren berezia du, 100 urte bete ditu. Egun berezia horretan, senide eta lagun guztien zorion agur mezuak jaso ditu, baita Lasarte-Oriako udal ordezkariena ere. Alkate Agustin Valdivia eta Gizarte Zerbitzuetako buru Lourdes Acevedoren bisita jaso du bere etxean. Sasoiko dago eta gaztetako borrokalari eta aldarrikatzaile grina mantentzen duela ageri utzi du berarekin hitz egitean

1922. urtean Valladolideko Zaratan herrian jaioa den arren, lasarteoriatar petoa dugu Fortu. 19 urterekin bere jaioterria utzi eta zerbitzari lanetan izan zen Zaragoza, Errioxa eta Donostian. Pasaian dantzaldi batean ezagutu zuen bere senarra. Antiguoko elizan ezkondu eta auzo horretan bizi izan ziren. Bertan jaio ziren bere hiru alabak. "Senarra Columbia disketxean eta Jabon Lagarto fabrikan egin zuen lan. Gero Lasartera etorri ginenean Oasa fabrikan lan aurkitu zuen", adierazi du.

1965an iritsi ziren orduan Hernani, Urnieta, Donosti eta Usurbilgo auzoa zen Lasartera. 1966an bere laugarren semea izan zuen. Lasarten eskola publiko duina egoteko borrokatu zen beste emakume talde batekin batera. "Hernaniko Udalean Lasarten eskola duina egotearen aldeko aldarrikapena egin genuen urtetan; Madrilera ere joan zen talde bat hezkuntzako arloarekin hitz egitera," gogoratu du.

Familia

Pablo Mutiozabal kalean bizi izan zituen urte asko; orain Uzturre plazan du etxea Fortuk. Bere semea du lagun. "Semea da nirekin bizi dena," azpimarratzen du.

Lau seme-alabez gain, lau biloba –neska bat eta hiru muti– eta bi birbiloba (biak mutilak) ditu eta guztiek batera ospatuko dute arratsaldean bere mendeurrena. Igandean, berriz, Zaragozako eta Valentziako senideekin bat egingo dute bazkari batean. 

Eta hainbat urteetan borrokatzen jarraitzea espero du: "Jainkoak beste mundura eramaten nauenera arte behintzat, borrokan jarraituko dut".