Buenetxea tabernak eta Araeta jatetxeak irabazi dute pintxo bidea

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 15a, 10:53

Aterpea elkarteak antolatutako VIII. Pintxo Bidearen sariak banatu dituzte: Buenetxea tabernak sari profesionala irabazi du, eta Araeta jatetxeak, herrikoia. Antolatzaileek jakinarazi dute hiru egunetan 1.050 bat jaki saldu dituztela, eta horrek 6.000 euroko eragin ekonomikoa izan duela Lasarte-Orian. Horrelako ekimenen beharra aldarrikatu dute partaideek.

Aterpea elkartearen VIII. Pintxo Bidea "arrakastatsua" izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Hiru urteko etenaldi behartuaren ostean, ostalariek nahiz bezeroek gogoz hartu dute egitasmoa, eta islatu da salmentetan. Taberna eta jatetxe parte hartzaileek prestatutako jaki goxoak gustura kontsumitu dituzte herritarrek: hilaren 2tik 4ra 1.050 bat pintxo saldu zituzten, eta horrek 6.000 euro inguruko eragin ekonomikoa izan du Lasarte-Orian, Aterpeako lehendakariorde Ana Laureanok nabarmendu modura.

Udaletxean egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, hilaren 14an. Bertan izan ziren Aterpeako zenbait kide, udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandez eta aurtengo aldian parte hartu duten taberna eta jatetxeetako ostalariak. 

Buenetxea eta Araeta, saridun 

Sari profesionala eman zuten aurrean. Lavie jatetxeko sukaldari Javi Mendo izan da epailea, eta haren iritziz Buenetxea tabernak prestatu du pintxo onena: pil-pil erara egindako bakailaoa, pesto ohe baten gainean. Establezimendu horren jabeek ezustean hartu zuten albistea, eta pozarren jaso zuten garaikurra.
Horren ostean, sari herrikoiaren txanda izan zen. Pintxo bidea egin bitartean, bezeroek aukera izan zuten eskuorri batean puntuak emateko. Iritzi horiek guztiak jaso eta aztertu ostean, Aterpeako lagunek iragarri zuten Araeta jatetxeak lortu zituela gehien. Buenetxeakoek bezalatsu, hunkituta jaso zuten aitortza, negar malkoren bat isurtzeraino.

Ostalariek bakarrik ez, bezeroek ere jaso zituzten sari pare bat, kontsumitzaile guztien arteko zozketan parte hartu izanagatik: Jose Ignacio Lopez eta Juan Mari Agirretxe herritarrek 250 euroko erosketa txartel bana jaso zuten. Ekitaldia biribiltzeko, udaletxera bertaratutako guztiek talde argazki bat egin zuten, eta pintxo bidea bezalako egitasmoen garrantzia aldarrikatu.