Nahia Zudairek txapela jaso du Gipuzkoako Kirol Galan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abenduaren 15a

Gipuzkoako Kirol Galan saritutako guztiak. Nahia Zudaire igerilaria, beheko ilaran dago zazpigarren eskubitik hasita. Arg.: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Hilaren 13an, Gipuzkoako Kirol Gala egin zen Donostiako Tabakaleran. Gipuzkoako 2022ko kirolari nabarmenenak elkartu ziren hitzorduan. Gipuzkoa Kirola Saria 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi duten Real Sociedad taldeko bost jokalarik eta Jokin Altuna pilotariak jaso zituzten. Alabaina, Gipuzkoako Foru Aldundiak Europako eta Munduko txapelketetan Gipuzkoako kirolak lortu dituen arrakastak aitortu nahi izan ditu aurten ere eta txapelketa horietan podium bat lortu duten kirolari guztiei txapel bat oparitu zien ekitaldian. Horietako bat izan zen, Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire; Igeriketa egokituko munduko txapelketan 400 m. probako brontzea jantzi zuen Zubietako gazteak.