Belartietak, Sagastik eta De la Sernak sariak jasoko dituzte 2022ko Kirolaren Galan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abenduaren 12a

2021 urtean saritu zituzten kirolariak.

Lasarte-Oriako kirolari egindako ekarpenagatik Aiora Belartieta arraunlariak, Asier Sagasti judokak eta Eulogio de la Serna korrikalari ohiak udalaren eta herriaren esker ona jasoko dute hilaren 16an, ostiralarekin, Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusian egingo den Kirolaren VII. Galan.

Lasarte-Oriako Udalak 2022 urtean euren kirol jardueran nabarmendu diren edo kirol-ibilbidea izan duten herritarrak sarituko ditu ostiralean, 19:00etan egingo den Kirolaren Galan.

Sari banaketarekin Lasarte-Oriako Udalak urrian hasi zuen partaidetza prozesuari amaiera eman dio. Herritarren izendapenak aztertu ostean, kirol elkarteek zein kirol batzordekideek euren bozkak eman eta errekonozimendua jasoko duten hiru kirolariak aukeratu dituzte. Era honetara, ekitaldian azken urtean egindako lanarengatik Aiora Belartieta arraunlariak eta Asier Sagasti judokak jasoko dute saria; Eulogio de la Sernak, aldiz, kirol-ibilbidearen oroigarria eskuratu du.

Kirol gala ikusteko gonbidapenak behar direla jakitera eman dute kirol zerbitzuko arduradunek; bihartik aurrera, Manuel Lekuonan egongo dira eskuragarri txartelak.