Kartzela eta kalea lotzen dituzten hariak josiko dituzte, hamabigarrenez

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abenduaren 12a

Harresi Guztien Gainetik egitasmoak iragarri du XII. Errezitaldia egingo duela datorren urteko urtarrilaren 8an, igandez, Oriako Karmengo Ama kaperan. "Iazko esperientzia politaren ondoren, berriro ere eszenatoki polit, jaso eta goxo horretan ariko gara; ekitaldia denon gustukoa izatea espero dugu", adierazi dute antolatzaileek. 'Bazterturiko ahotsen mosaikoa osatzen' lelopean, espetxea eta kalea lotzen dituen hariak "maitasunetik eta elkartasunetik" josiko dituzte, beste behin.

Ohi bezala, diziplina artistiko ugari uztartuko dituzte Errezitaldian: poesia, musika, dantza, hitza... "Presoen beraien ahotsez gain, gizartearen ertzetan bazterturik dauden beste hainbat lagun eta kolektiboren ahotsak xuxurlatu eta erdigunera ekarri nahi ditugu, horien indarrak oihartzun egin dezan horma guztien gainetik". 

Esan bezala, 2023ko urtarrilaren 8an aurrera eramango dute XII. Errezitaldia, 18:30ean, Oriako kaperan. Sarrera doakoa izango da, baina antolatzaileek aukera emango diete herritarrei ekarpen ekonomikoak egiteko, "bakoitzak ahal duen araberakoa", jarduera gauzatzeko gastuei aurre egiteko.