Hemeretzi urte daramatza Fernandez Iradik espetxean, eta duela bederatzi diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza, hilabete batzuk lehenago sintomak pairatzen hasi arren. Duela gutxi gerturatu egin dute, Lannemezandik (Frantzia) Martuteneko espetxera, Donostiara. "Hala ere, kartzelan jarraitzen du, eta bertan egoki artatzen ez dutenez, gaixotasunak okerrera egin du", gogoratu dute lasarteoriatarraren senideek. Horren aurrean, aurtengo EITB Maratoia baliatu dute, Gatibu talde bizkaitarraren Euritan dantzan abestia dantzatu, familia giroan bideo bat grabatu eta herritarraren etxeratzea eskatzeko.
Lasarte-Oriako Sarek bat egin du ekimenarekin, eta eskatu euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legedia bertan behera uzteko. "Larriki gaixo dauden presoak etxeratzea ahalbidetuko luke, eta haien gaixotasunak behar bezala artatzea". Gehitu du preso diren pertsonen bizitza "haien gain" dutela espetxeak kudeatzen dituztenek, eta "arduraz" jokatu behar dutela.