"Udal gobernua osatzen dugunoi asko gustatzen zaizkigu Eguberrietako argiak, baina argi dugu egitasmoak ahalik eta jasangarriena izan behar duela", adierazi du alkateak. Norabide horretan, erabaki dute apaingarriak pizteko eguna atzeratzea, eta hilaren 9a izatea, ostirala. Iluntzean jarriko dituzte martxan, gainerako farola eta abarrekin batera, urtarrilaren 6ra bitartean. Orain arte ez bezala, gau gehienetan amatatu egingo dituzte: "Astelehenetatik ostegunetara 23:00etan itzaliko ditugu; eta ostiraletan zein larunbatetan, 00:00etan", zehaztu du Valdiviak. Salbuespenak izango dira hilaren 24a nahiz 31 eta urtarrilaren 5a. "Hiru egun berezi horietan ez ditugu itzaliko".
Eragina murrizteko
Mateosek nabarmendu duenez, aipatutako neurri horiek hartu dituzte ingurugiroan izango duen eragina "ahalik eta gehien murrizteko". "325 ordu gutxiagoz egongo dira piztuta Eguberrietako apaingarriak, aurreko urteekin alderatuta %65 energia gutxiago erabiliko dugu". Hori ahalbidetzeko, argiteria publikoaren eta Gabonetako argien zirkuituak bereizi egin dituzte.
Gainerakoan, aurtengo argiteria ez da asko aldatuko. "Eskema berbera izango da", esan du alkateak. "Okendo plaza, Geltoki kalea, Hipodromo etorbidea, Kale Nagusia, Oria etorbidea, Zabaleta, Zumaburu... Herritar guztiek gozatuko dute argiez". Apaintzeko erabiltzen diren elementu bakan batzuk desberdinak izango dira, hori bai: "Maikolux enpresa arduratzen da tresneriaz, eta elementu pare bat aldatzea proposatu digu", gehitu du Mateosek. Datorren urteari begira, planteamenduari buelta bat emateko asmoa du udal gobernuak: "Lizitazioa atera beharko dugu berriro, pleguak prestatu... Une aproposa izango da egitasmoa zertxobait aldatzeko".