Garraio publikoaren hobariari eustea "egokia" dela uste du Agustin Valdivia alkateak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abenduaren 5a

Lasarte-Oriako Udalak ohar bat kaleratu du garraio publikoan %50eko hobaria mantentzearen alde. Agustin Valdivia alkatearen hitzetan, "egoera konplexuan dauden familia askori mesede egingo dien neurria da". Herritarren mugikortasun arazoak konpontzeaz gain, uste du aukera eman dezakeela pertsona gehiago ohiko erabiltzaile bihurtzeko.

"Eusko Jaurlaritzako Garraio nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailek eta udalak berak egindako ahaleginari esker mantendu ahalko ditugu kenkariak", azpimarratu du Valdiviak. "2023ko ekainera arte, gutxienez, erakunde horiek haien gain hartuko dute garraio publikoaren prezioak %50 jaistearen kostua". 

"Iruditzen zait erabaki koherentea dela: %50eko hobaria ematea eragin sozial handia izaten ari da familia ekonomiei laguntzeko neurri gisa", gehitu du alkateak.