Pertsona garrantzitsuz bete du Jalgunek kultur etxeko eszenarioa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 3a, 20:16

Euskararen Eguna izateaz gain, Aniztasun Funtzionalaren Eguna ere bada abenduaren 3a. Data ezin aproposago hori aukeratu du Jalgune Elkarteak urteroko jaialdia egiteko. Very Important People (VIP) –pertsona oso garrantzitsuak– direla erakutsi dute beste behin, eta ondoan izan dituzte halakoak diren 10. Maratoialdiko zortzikoteko kideak, Semblante Rociero edo Bea Egizabal. 

Ospetsu, aberats, agintari edo dena delako arrazoirengatik VIP direnek, zenbait abantaila izan ohi dituztela azalduz hasi dute jaialdia Jalguneko kideetako bik; baita eurak halakoak direla esanez ere. Pertsona garrantzitsuak dira, beste modu batera ezagunak eta aurtengo jaialdian berriro erakutsi dute zergatia. Kultur etxeko auditorioa ia bete da, bai goiko solairuan, bai behekoan; eta ordu eta erdi iraun duen saioan txalo eta barre egiteko aukerarik ez zaie falta izan bertaratutakoei. 

Artistak dira Jalguneko kideak. Dantzan eta abesten primeran moldatzen dira, bakarrik edo begiraleekin batera. Lehen erakustaldian, Semblante Rociero koruko kideen doinuak dantzatu dituzte, pare bat sevillanetan bikotekide Semblante Andaluzeko zenbait lagun zituztela. Ondoren, noski, beste dantza eta abesti batzuk etorri dira. 

Ikus-entzunezkoak ere proiektatu dituzte. Horietako batzuetan Txintxarri Newseko kazetari bilakatu dira Bea Egizabal eta Cesar Marcos. Jaialdian egingo dutenaren gainean edo VIP izateak eguneroko bizitzan nola eragiten dien galdetu diete, nola ez, umorez.

Argazkiekin osatutako bideoetan, berriz, urtean zehar aurrera eramandako jarduerak gainbegiratu ditu elkarteak eta Pausoka pausoka abestiarekin prestatutakoan, babesa adierazi ohi dieten hamaika eragile eta elkarteren ordezkariak pasatu dira pantailatik. 

Kantan eta dantzan aritu dira jarraian, abesti ezagunen sorta zabala  pasata eta 10. Maratoialdiko Zortzikoteko kide batzuekin ere astindu dute gorputza. Aurrera eramandako ikuskizuna aitortzeko, txalo zaparrada luze batekin agurtu dituzte herrikideek.