Euskararen Eguna kantuan ospatu dute herriko kaleetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 3a, 13:08

Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak jarduera jarduera pare bat antolatu dute Euskararen Eguna ospatzeko. 11:00etan hamaiketakoa egin dute Ttakunenean, eta ordu erdi geroago, kantu-jira irten dira Xumela korua, Oaintxe in deu txaranga, trikitilari eta pandero jolea.

Ttakunenean elkarrekin hamaiketakoa egin dute, kanpoko hotzari aurre egiteko barrenak, gorputza eta eztarria berotu dituzte. Indarberrituta irten dira kalera. 11:30ean puntuan Oaintxe In Deu txarangako kideak gainetan utzita zituzten instrumentuak hartu, behar zuenak afinatu, eta bidea erakutsi diete gainerakoei. Azkar atzetik jarraitu diete. Kalean Joxe Mari Agirretxek antolatu ditu kideak: aurretik trikitilari eta pandero jolea, haien atzetik, Xumela korua, eta taldea ixten txaranga. Goiza hotz bezain goibela zen abiatu direnean, eta txantxetan behin baino gehiagotan esan dute, euren ahotsaren dirdirak argituko zuela eguna. Musikaren kontua izan edo ez, kantu jira hastean euria ari zuen, baina hirugarren geldialdirako lainoak joanak ziren.

Buenetxea tarbernaren atarian egin dute lehena. Behin batian Loiolan, Artillero eta Galtzahaundi kantatu dituzte. Felix Telleriak eman die hasteko agindua abesti bakoitzean, bai musikariei bai koruko kideei ere. Hiru abestiak bukatzean, Patricio tabernara joan dira. Bidea esandako ordenan jarrita egin dute, baina aurrealdeko musika eta atzealdekoa ez zetozen bat. Arkupean euritik gorde dira kantu jirako lagunak, baina hotzetik babesik ez dute izan. Haize finak, ordea, ez ditu gelditu. Are gehiago, Eperra abestu ondoren, fandango azkar bat dantzatu dute berotzeko. Lau teilatu gainean izan da hurrengo kanta, eta Kale Nagusirantz hartu dute. Ordurako, ateri zen. 

Ilargi taberna parean jarri dira, hurrena. Xalbadorren heriotzean, Isabeltxo abestu eta dantzatu dute, baita fandangoren bat ere.  Kantuan eta oinei eragiten jarraitu dute handik aurrera. Zerua garbitu ez bada ere, lainoek atseden hartu dute tarte batez; akaso, Xabierko Frantziskok gustuko izan du entzundakoa eta laguntza pixka bat bidali die. 

Erlazionatuak

Euskararen Eguneko kantu jira

Txintxarri Aldizkaria 2022 abe 03 Euskara