Gazteez eta euskaraz aritu dira lehen hitzorduan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 2a, 15:04

Buruntzaldeako Borroka Astea antolatu du Ernai antolakundeak, eta horren barruan antolatutako lehen hitzordua Lasarte-Orian egin berri du. Benetan euskaraz bizi gaitezke? hitzaldia izan da, eta Xirimiri elkartean batu dira. Bi gonbidatu ekarri dituzte gaiaz hitz egitera, Oier Errementeria eta Maialen Iñarra. Gazte Euskaltzale Sareko kidea da lehena, eta Soziolinguistika Klusterreko kidea bigarrena, eta bakoitzak bere arlotik hitz egin du gaiaz. Izar Agirretxe eta Amaiur Izagirrek egin dituzte moderatzaile lanak, eta horiek arduratu dira hizlarien hitzartzeak bideratzeaz. 

Errementeriak azpimarratu du bera kide den sarearen helburuetako bat dela euskararen erabilerak dituen mugak identifikatu eta horiei aurre egitea. Gailendu du euskararen borrokak izan behar duela norbanakoa, baina ez hori bakarrik. Lanketa horretan egin dituzten zenbait egitasmoren berri ere eman du, Gaztealdia, besteak beste. Iragarri du manifestazio eta topaketa bana egiteko asmoa ere badutela. 

Iñarrak, berriz, Soziolinguistika klusterrak egiten duen lanaren berri emanaz hasi du bere hizketarako tartea. Kale neurketak egiten dituztela azaldu du, eta zehaztu du nola. Zenbat euskara erabiltzen da kalean? galderari erantzunaz egiten dituzte ikerketak. Nabarmendu du azterketa horiek ez direla inkesta bidez egiten, baizik eta kalera irten eta herritarrak elkarrizketak zein hizkuntzatan egiten ari diren jasoaz. Gaineratu du lau informaziori jartzen dietela arreta: elkarrizketaren hizkuntza; bertan parte hartzen ari direnen gutxi gorabeherako adina; sexua eta elkarrizketa entzun duten unean haurren bat hizketan ari ote zen edo ez. 

Lehen saio horren atzetik etorriko dira gehiago. Gaur izango da bigarrena, Andoainen. Eta zuk, ba al dakizu zein diren zureak? izenburupean, gazteen lan eskubideez arituko dira LAB sindikatuarekin elkarlanean.