'Rutas montañeras desde las capitales' liburua argitaratu du Txusma Perez Azacetak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 2a, 12:15
Txusma Perez Azaceta idazlea eta liburuaren portada. Arg.: T. Perez Azaceta.

Asteburuetan edo Eguberrietako oporretan mendira joateko hautua egiten duten herritarrek aukera paregabeak izango ditu gure inguruan. Ibilbide garbirik buruan ez duen pertsonek, besteak beste, liburu gidak izaten dituzte lagungarri. Horietako bat izan daiteke urrian Txusma Perez Azaceta herritarrak Sua argitaletxearekin argitaratu zuena, 'Rutas montañeras desde las capitales'

Mendizaleak ezohiko planak aurkezten ditu gida berri horretan: Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbo hiriburuak abiapuntutzat hartuta, tontor, talaia eta balio handiko natur eremuetara daramatza mendizaleak. 

Idazleak adierazi duenez, euskal herritar gehienak bizi diren hirigune horiek ere igoera eta txango ederrei ekiteko leku "egoki-egokiak" direla erakutsi nahi izan du liburuan: "Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbo mendiz inguratuta daude eta, gizakion presioak zeharo itxuraldatu baditu ere, bere balio natural gehienei eutsi diete eta horri esker aisialdi gune estimatuak bilakatu dira". 

Era horretara, irakurleak hirietako bihotzetatik abiatuta mendi gailur ederretara (Pagasarri, Arrieta, Arratzain, Ezkaba Txiki…), talaia ikusgarrietara (Igeldo, Artxanda, Olarizu, Oihana…), eta gure historiaren lekuko izan diren hainbat guneetara (Irulegiko gaztelua, Burdinazko Hesia, Eskibelgo dorrea, Txoritokietako gotorlekua…) heltzeko 24 ibilbide aurkituko ditu gidan.

Horrez gain, Antxon Iturriza Aizpel mendizale donostiarraren artikulu bat ere dakar liburuxkak. Horretan, hiriburuek euskal mendizaletasunarekin izan duten harreman historikoa aztertzen du. 

Erronkari eta Salazar bailarak

Alabaina ez da hau, Perez Azaceta herritarrak kaleratu duen liburu bakarra izan. Irailean, Las mejores excursiones. Valles de Roncal y Salazar gida ere argitaratu zuen fisikoki zein digitalki Ecos Travel books argitaletxearekin. 

Besteak beste, Kakueta, Lakartxela edo Orhi mendietarako igoerak edo Iratiko basoan barruko ibilbidea daude ikusgai lan horretan.