Infantil Errendimendu Urreko taldeak ezin izan du garaipenarekin hasi bigarren itzulia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 2a, 10:00

Infantil Errendimendu Urrea mailako ligak bigarren itzulia hasi du. Ostadar SKTren taldeak Ordizia 09 izan zuen aurrez aurre eta ez zen partida erraza izan Nahia Carrilloren jokalarientzat: ordiziarrak 19-43 gailendu ziren

Aurkaria indartsu hasi zen lehian eta aurki lortu zuen etxeko defentsa apurtzea. Pertsonaleko marran ireki zuten markagailua ordiziarrek eta lehen hamar minutuetan, bederatzi puntuko aldea eskuratu zuten, 4-13.

Etxeko taldeak ahaleginak egin arren, Ordiziaren defentsa apurtzeko ederki borrokatu behar izan zuen eta saskiaren azpian ere ez zuen zortetik izan.

Bigarren laurdenean, neurketak berdin jarraitu zuen eta ordiziarrak 5-10eko aldeko partzialarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean, talde urdin-beltzak defentsa indartu zuen eta aurkariak ez zuen hainbesteko minik egiterik izan erasoan. Tamalez, etxeko taldea ere ez zen fin ibili; 4-8koa izan zen partziala.

Azken laurdena gogoz hasi zuten ordiziarrek eta lehen bost minutuetan bederatzi puntu egin zituzten. Bederatzigarren minutuan hiruko batekin biribildu zuten emaitza.

Ostadarrek, aldiz, saski azpian ez zuen asmatzerik izan; pertsonal marratik hiru puntu egin eta hiruko saskiratze batekin amaitu zuen neurketa.