Euskaraldi propioa egin dute Euskara Batzordeko nerabeek

Maddi Zaldua 2022ko abe. 2a, 15:28

Euskaraldian parte hartzeko gutxieneko adinik ez, eta eurena egin dute Lasarte-Oriako nerabeek. Hainbat jarduera eta egitasmo antolatu dituzte DBH 1-2-3 eta 4. mailako ikasleek. Gaur, hilak 2 egingo dituzte azkenak, hamabostaldiari amaiera emateko

Oriarte institutuko ikasleek euren Euskaraldi propioa antolatu dute.  Urriaren 21ean egin zuten lehen jarduera, Maratoialdiarekin bat eginez, eta gaurko ekimenarekin emango diote amaiera. Aparteko lanketa egin dute, Euskaraldi ofizialean aritzeko nahikoa adina ez dutelako, eta, hortaz, ezin izan dutelako bertan parte hartu. Ikasturtean zehar Euskara Batzordean aritzen diren nerabeek, Ttakun Kultur Elkarteko hezitzaileekin batera antolatu dute aipatu egitasmoa; Ele-meleka Bigarren hezkuntzako nerabeen hizkuntza sozializazioan laguntzeko proiektuaren baitan sortuak dira batzorde horiek. Guztira hogei kide ari dira lanean; DBH 1-2. mailako batzordean hamabi, eta 3. eta 4. mailan, berriz, zortzi.

Arestian aipatu moduan,   Euskararen 10. Maratoialdia izan zen euren lanketaren abiapuntu. Hori hala izanik, bezperan, urriaren 21ean, DBH 1-2. mailako ikasleek lehiaketa bat egin zuten, eta gisa horretako jarduerek izan ohi duten moduan, sari banaketa ere bai. Zaharrenek (DBH 3-4. mailakoek), berriz, ginkana bat antolatu zuten, eta jolasgaraian egin.

Horren ostean, azaroaren 18tik hilaren 2ra arteko ariketa sozialarekin bat eginez eta ikaskideak horretara erakarri asmoz, ahobizi eta belarripresten izen ematea egin zuten, institutuan. Jakinarazi dutenez, DBH 1-2. mailan, 144 Ahobizi eta 95 Belarriprest bildu zituzten, eta DBH 3-4. mailan, aldiz, 140 eta 187, hurrenez hurren. Kopuru horiek kontutan hartuta, eta gainerako herritarrek bezala soinean txapa janzteko gogoa zutenez, horiek ere prestatu zituzten; banan-banan eskuz eta diseinuak elkarrekin adostuz.


Jarduera horiekin batera, Euskaraldiak iraun bitartean, ikastetxeko bozgorailuetatik egunero-egunero euskarazko kantak aireratzeaz ere arduratu dira DBH 1-2. mailako batzordekideak, eta, 3 eta 4. mailakoek, jolasgaraiak baliatu dituzte hori bera egiteko. Gazteenak herri kiroletan ere aritu direla kontatu dute arduradunek, eta ezin ahaztu, pasa den asteko txintxarri aldizkarian Maitane Eizmendi Nogales zortzikoteko kideari egin zioten elkarrizketa; hori ere lanketa horren parte izan da.

Amaiera jarduerak
Gaur, hilaren 2an amaituko da Euskararen 10. Maratoialdia, eta eguna aprobetxatuko dute ikasleek ere euren lanketari bukaera emateko. Horretarako, DBH 1-2. mailakoek euskal kantuen karaokea egingo dute, eta, 3. eta 4. mailakoek, berriz, Mihiluze telebista saioaren antzeko lehiaketa bat prestatu dute. Dena den, amaiera ekitaldi ofizialean ere parte hartuko dute Euskara Batzordeetako pare bat kidek: Libe Elvirak eta Maddi Lasak hain zuzen.