Gabonetan ere kanpaina bikoitza, Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 2a, 10:12

Etengabe saiatzen dira Aterpea elkarteko merkatariak lasarteoriatarrak herriko komertzioetara erakartzen; horren adierazle dira martxan jartzen dituzten kanpainak. Bat amaitu eta bestea hasi; Gabonetakoekin hasiko dira orain

Abenduan sartzearekin batera aurkeztu du Aterpea merkatarien elkarteak Eguberritako kanpaina, eta egitasmo horren barruan aurrera eramango dituen bi ekimenak ezagutarazi ditu. Alde batetik, Gabonetako produktuz osatutako otarren zozketak egingo dituzte. Kanpainarekin bat egin duen establezimendu bakoitzak berea zozkatuko du bere bezeroen artean. Saria irabazi ahal izateko, hilaren 30era arte erosketak egiten dituzten erosleek papertxo bat bete beharko dute komertzioan bertan. Establezimendu bakoitzeko irabazlea egun horretan bertan iragarriko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Bestalde, Eguberri garaiari eutsiz, erakusleiho dotoreena aukeratzeko lehiaketa ere egingo dute, hilaren 12tik 18ra. Komertzianteen elkarteko ordezkariek zehaztu dute hemeretzi dendak parte hartuko dutela, eta bi sari egongo direla jokoan. Profesionala izango da horietako bat. Rural Kutxak babestuko du, epaimahai batek deliberatuko du, eta Gabonetako mezu onena zein den baloratuko du. Epaimahaia nortzuk osatuko duten ere jakinarazi dute: Rural Kutxak, Amaia Gonzalez Caballero dantza akademiak, Biyak Bat zaharren egoitzak eta Ttakun Kultur Elkarteak. Bestalde, Aterpea saria egongo da. Herritarren bozkek erabakiko dute horren irabazlea, eta erakusleiho ederrena zein den zehaztuko du.

Herritarrek bi modutan eman ahal izango dituzte bozkak: sare sozialen bidez, edo papertxoekin. Azken modu horretan egin nahi dutenek, etxeko postontzian jasoko duten eskuorriaren bidez egin beharko dute –hori bete, eta establezimendu parte hartzaile batera eraman beharko dute, bertan izango dituzten kutxatxoetan sartzeko–. Partaide guztien artean, 200 euroko bi erosketa txartel zozkatuko dituela iragarri du Aterpeak.

Etengabeko saiakera
Urte sasoi honetako kanpainak ditu eskuartean orain Aterpeak, baina horiekin batera, asteburu honetarako (hilaren 2 arratsaldetik, 4 goizera) VIII. Aterpea Pintxo Bideaz gozatzera deitu ditu herritarrak. Lasarte taberna, Arkupe taberna, Araeta jatetxea, Buenetxea kafe taberna, Herriko Etxea jatetxea eta Alai taberna. Horiek izango dira aurtengo Aterpea Pintxo bidean parte hartuko duten establezimenduak. Prezioa 2,50 eurokoa izango da.

Aurreko aldietan bezala, guztiek pintxo hoberenaren saria lehiatuko dute eta hori erabakitzeko dastatze saioa egin dute aurkezpenarekin batera.Jakinarazi dute honetan ere bi kategoria ezberdin egongo direla; sari profesionala eta herrikoia. Lehena Javi Mendo Lavie jatetxeko sukaldariaren esku egongo da aurten. Bigarrena, aldiz, herriko elkarte gastronomikoek eta herritarrek aukeratuko dute. Dagoeneko Arrieskalleta, Lasartearra, Palomo Linares, Saustatxo eta Semblante Andaluz elkarteetako ordezkariek eman dute euren epaia. Eta ekintza gastronomikoak irauten duen asteburuan herritarrek ere euren bozkak emateko aukera izango dute. Tabernetan eskuorriak egongo dira horretarako. Bozka ematen duten guztien artean, 500 euroko saria zozketatuko dute; Aterpeako komertzioetan gastatzeko erosketa bonoak izango dira.

Maite Toquerorentzat, 1.000 euro
Astearte arratsaldean (azaroak 29) gastatu zituen Maite Toquero herritarrak, Eskuratu 1.000 euro kanpainako irabazleak erosketa bonuak. Zer eta non erosi erabakita igo zen merkatarien elkarteak jarritako furgoneta beltz dotorera, hiru ordu besterik ez baitzituen sosak xahutzeko. 20:00ak bitarte ibili zen komertzioz komertzio. 
"Pozik eta urduri" agertu zen protagonista hitzordura, eta aldi berean, merkatariekin eskertuta. Nabarmendu zuen "gertutik" bizi duela herriko merkataritza, sektore horretan lanean aritu direnen senide delako.