Eguzki Bodegas Ayesa taldea pausoz pauso doa mailara egiten

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 30a, 14:00

Eguzki Bodegas Ayesa taldeak norgehiago izan zuen azaroaren 26an. Erainen aurka lehiatu zen eta 12-0 gailendu zen. Alabaina, emaitzak ez zuen gustu ona utzi taldean

Francisco Javier "Kixki" Perez entrenatzaileak azaldu digunez, "Erain bost jokalarirekin aurkeztu eta bigarren zatian laurekin geratu zen. Hori dela eta, partida bertan behera utzi  nahi izan zuen aurkariak baina epaileak amaitu behar zela agindu zuen".

Horrelako jarrerek kirolari mesede egiten ez dietela adierazi du Eguzkiko prestatzaileak: "Jokalaririk ez baduzu, saiatu neurketa atzeratzen. Zeren eta ez da atsegina horrela jokatzea. Ikusleei eta beste taldeei errespetu falta da".

Talde berria

Ligako jardunaldian gertatu zena alde batera utzita, Perez pozarren da taldeak izan duen denboraldi hasierarekin: "Lehen urteko taldea dut. Jokalariak ongi ari dira lanean eta partida onak ere jokatu ditugu. Taularen erdi aldean gaude eta gehiago emateko gai garela uste dut. Alabaina, %100 ematea eragozten dizkiguten oztopoak izaten ari gara; lesioak, gaixotasunak, bestelako kontuak...".

Eguzkiko prestatzaileak adierazi duenez udan Gazteen mailako taldearen jarraipena airean zegoen: "Ziklo amaiera izan genuen aurreko denboraldian. Jokalari gehienak Eguzkiko senior taldeetara joan ziren. Beraz, uztailean bi gazterekin geratu nintzen bakarrik. Taldea osatzea lortu genuen eta lan ona egiten ari dira. Jokalari onak ditugu, baina zorte txarra".

Ikasketa prozesua

Lehen hilabete hauek erronka handia izan direla nabarmendu du Perezek; jokalariek kirolarekin lehen harremana izan dute: "Bi kadete ditut eta gainerakoek ez dute inoiz areto futbola jolastu. Batzuk futbolarekin harreman txikia izan dute".

Ondorioz, denboraldi honetan emaitzei baino jokalarien ikasketa prozesuari emango dio garrantzia entrenatzaileak: "Teknikan trebatu, araudia eta kirola ezagutu, espazioa menderatu... 40x20 metroko eremuan gauza asko gerta daitezke momentu batean eta hori kontrolpean izaten ikasi behar dute. Eskarmentu gehiago duten taldeen aurka ari dira. Nabari da. Hala ere, lan ona egiten ari dira. Beraz, denbora behar dugu taldeak bere  onena emateko".