Etxekoen hutsak baliatuz, Zaisa Txingudik irabazi zuen neurketa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 30a, 10:00

Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RT eta Zaisa Txingudi RK taldeen arteko lehia izan zen azaroaren 27an, Michelin Kirol gunean. Euskal Ligako Ohorezko B kategoriako neurketa borrokatuan bidasoatarrak izan ziren garaile, 26-42

Gogotsu atera ziren bi taldeak zelaira. Beltzak-eko kideak aurkariaren defentsa hausten saiatu ziren lehen minutuetan; Zaisa Txingudik ongi eutsi zion enbatari, ordea. Eta etxekoek erasoan utzitako hutsuneez  baliatuta markagailuan aurre hartu zuen aurkariak, entsegu eta gauzatze batekin.

Nahiz eta saiatu beltzek ezin izan zuten bidasoatarren defentsa hautsi; Txingudik, aldiz, etxekoen ahulguneak erabiliz aldea handitzea lortu zuen; beste hiru alditan entsegu marrara iritsi eta entsegua gauzatzea, 0-28. 

Ahaleginak ahalegin, 34. minutuan lortu zuen Egoitz Esnaolaren taldeak saria eta Jokin Beloki herritarrak makilen artetik igaro zuen baloia. 7-28 joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, indartsu atera zen etxeko taldea; entsegu eta Belokiren gauzatzearekin aldea murriztu zuen. Txingudik ez zuen partidaren kontrola galdu nahi eta bost minututara, entsegu marra zeharkatzea lortu zuen berriro, baita baloia makilen artean sartzea ere.

Hala ere, beltzek ez zuten amore eman eta gogor ekin zioten metroak irabaztera. Bi jokaldiri esker, besteak beste Belokiren gauzatzea eta Gabi Gavilan herritarraren entsegua, 26-35 hurbildu ziren etxekoak.

Bidasoatarrek beltzen berpiztea ikusita defentsa indartu eta erasoen intentsitatea igo zuten. Era honetara, neurketa amaitzear zela, etxekoen defentsa zein entsegu marra igaro zuten berriro. Gauzatzean ez zuten hutsik egin. Garaipenaren puntuak Bidasoa aldera joan ziren, beraz.