Pozik eta eskertuta agertu da Maite Toquero herritarra Okendo plazan, gaur arratsaldean. Bera izan da Aterpea merkatarien elkartearen aurtengo Eskuratu 1.000 euro kanpainaren irabazlea. 17:00etan elkartu da merkatarien elkarteko ordezkariekin. Erosketa txartelak jaso, eta furgoneta beltz dotore batean sartu da komertzioz komertzio 1.000 euroak xahutzera abiatzeko. Hiru ordu ditu horretarako; 20:00ak bitarte ibiliko da erosketak egiten.
Dendaz denda abiatu aurretik, merkatarien izenean Ramon Ormazabalek hartu du hitza; zoriondu egin du irabazlea. Agustin Valdivia alkateak ere bide beretik zuzendu zaio garaileari, eta zorionak emateaz gain, merkatarien elkarteari eskerrak eman dizkio. Protagonistak ere hitz egin nahi izan du, eta aukera hori baliatu du Aterpeari eskerrak emateko. Nabarmendu du gainera, "gertutik" bizi duela herriko komertzioa, sektore horretan lanean aritu direnen senide delako.