Buruntzaldea IKTko igerilariek marka ugari ondu zituzten ligako hirugarren saioan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 29a, 13:00
Buruntzaldea IKTko igerilariek Neguko Ligako hirugarren jardunaldia lehiatu dute. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Neguko Ligako hirugarren jardunaldia burutu zuten Andoainen Buruntzaldea IKTko igerilariek. Infantil, junior zein absolutu mailako 11 kide izan ziren igerian eta gehienek euren markak ondu zituzten

Igeriketa taldeko kideen gehiengoak 400 m. libre proba egin zuen. Taldeko prestatzaileek azaldu dutenez, infantilen kasuan, hitzordu garrantzitsua zen; Neguko Gipuzkoako zein Euskal Herriko txapelketarako giltza lehiaketa baitzen. 

Horrez gain, lau estiloetako 200 metroko lehian, 100 m. libre eta bizkar estiloko 50 m. zein 200 m. saioetan ere lehiatu ziren Buruntzaldea IKTko ordezkariak. 

Guztira, hamabost marka pertsonal hobetu zituzten:

  • Laida Guerrero: 50 m. bular, 54,93 eta 100 m. libre, 01.41,71. 
  • Ane Meyer: 50 m. bizkar, 47,92.
  • Irati Etxeberria: 400 m. libre, 05.38,37.
  • Nora Miguelez: 400 m. libre, 06.25,12.
  • Amaiur Iparragirre: 400 m. libre, 06.03,02 eta 200 m. lau estiloak, 03.20,02.
  • Iker Gorostegui: 400 m. libre, 04.28,93 eta 100 m. libre, 58,21.
  • Mayi Gorostegui: 400 m. libre, 05.56,08 eta 100 m. libre, 01.17,65 eta 50 m. bizkar, 39, 71.
  • Garazi Etxeberria: 200 m. lau estiloak, 02.30,96.
  • Miren Sarobe: 400 m. libre, 04.49,30 eta 200 m. bizkar, 02.42,08.

Gutxienekoak 
Horrez gain, taldeko arduradunek jakitera eman dutenez, otsailean jokatuko den Gipuzkoako Neguko Txapelketan parte hartzeko gutxienekoak argitaratu dira eta Buruntzaldea IKTko lau igerilarik dagoeneko sailkapena lortu dute. Irati Etxeberria, Mayi Gorostegui, Nora Miguelez eta Amaiur Iparragirre izango dira oraingoz igeriketa taldeko ordezkariak.

Buruntzaldea IKTko prestatzaileak pozarren daude igerilariek egindako lanaz: "Pixkanaka entrenamendu gogorrek emandako emaitzak ikusten ari gara; eta lanean jarraituko dugu!".
 
Taldeko kideek ligako hurrengo hitzordua abenduaren 17an izango dute Hernaniko igerilekuan. Alabaina, abenduaren 3 eta 4ko asteburuan, Garazi Etxeberria eta Nahia Zudaire taldekideek "XIX Trofeo Internacional Castalia Castellón" Sarian parte hartuko dute Gipuzkoako selekzioarekin.
 
Era berean, Buruntzaldea IKTko arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete Andoaingo saioan boluntario gisa laguntzen egon ziren klubeko kide guztiei.