Eguzki: "Birziklatzen duten herritarrak tasa finko baten bidez zigortzen amaituko du legegintzaldia udalak"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 29a, 13:04

Lasarte-Oriako Udalak berriki onartu ditu datorren urterako ordenantza fiskalak. Horien barruan dagoen tasetako bat hondakinak biltzeari buruzkoa da, eta horren harira, ohar bat kaleratu du Eguzki Talde Ekologistak. Salatu du amaitzear den legealdia "antzua" izateko bidean dela, gaikako zabor bilketari dagokionez. "Oraingoan ere ez dute birziklatzen dutenentzako hobari edo deskonturik aurreikusi; arduraz jokatzen duten herritarrek gainerakoen axolagabekeria finantzatuko dute".

"Lasai asko esan dezakegu udalak zigortu egingo dituela birziklatzen duten lasarteoriatarrak, zabor tasa finkoaren bidez; horrela bukatuko du legegintzaldia", deitoratu du Eguzkik. "Birziklatzen dutenek eta hori egiten ez dutenek berdin-berdin ordaintzea" da tasa finkoa: "Antiekologikoa ez ezik, sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen dutenak zigortu eta axolagabeak saritzen dituelako". Horren ardura PSE-EEk gehiengoa duen udalari egotzi dio talde ekologistak, eta erabiltzen dituen argudiak kritikatu ditu, "umekeriaren eta zinismoaren arteko nahasketa baten ondorio" diruditenak. 

Batetik, azaldu dute udalak dioela "aurreikusita" dagoela birziklatzaileentzako deskontu bat, baldin eta herriak, oro har, gaikako hondakin bilketan "portzentaje jakin bat" lortzen badu. "Alabaina, eta hori ere aitortzen dute, ez dago ehuneko hori lortzerik udalak berak ezarri duen sistemarekin, hau da, Lasarte-Oria Gipuzkoan azken putz izatera kondenatu duen horrekin". Bestetik, zehaztu dute udalaren iritziz "arriskutsua" izan daitekeela bosgarren edukiontziaren erabiltzaile txartela izateagatik deskontu eskubidea izatea. "Hori, beharbada, oso arrazoizkoa izan zitekeen, baldin eta udalak berariaz erabaki izan ez balu txartel horiek edukiontzia ireki ez beste ezertarako balio izatea. Hau da, udalak berak erabaki zuen txartela ez lotzea erabileraren jarraipena egitea ahalbidetu zezakeen software sistemarekin". Eguzkik adierazi duenez, hori da birziklatzaileei deskontua egiteko Gipuzkoako herrietan normalean erabiltzen den mekanismoa: "Adibidez, Donostian, birziklatze kontuetan batere aurrerazalea ez den hiri batean". 

Horri guztiari lotuta, talde ekologistak honakoa ekarri du gogora: "mahai tekniko batzuk" eratuko zituela udalak, zabor tasa finkoari eta beste zenbait gairi buruz hitz egiteko. "Iragarpena egin zutenetik, mahai horien berririk ez". 

Herritarrek, "meritu handia"

Azaldutako guztiagatik, Eguzkik "meritu handia" dutela aitortu die herritarrei: "Lasarte-Orian gutxi birziklatzen da, egia da, baina lasarteoriatarrek udala ia-ia kontra dutela birziklatzen dute, gutxi edo asko izan". 

Herritarrak konzientziatzeko udalak antolatzen dituen kanpainak "propaganda hutsa" dira, Eguzkiren ustez. "Egingo balu bezala egiteko, baina benetan aurrera eraman gabe". Bidenabar, talde ekologistaren aburuz, sei hilabete barru amaituko den legegintzaldia "antzua" izateko bidean da, "gaikako zabor bilketari dagokionez". "Antzutasun horren isla baino ez da birziklatzen dutenentzako hobari edo deskontuetan aurrerapausorik egin ez izana".