Banatu dituzte aurtengo Beldur Barik lehiaketako sariak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 29a, 09:58
Beldur Barik lehiaketako sarituak, udal ordezkariekin. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Hiru lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara; horietako bi lehen kategoriara (12-13 urte bitartekoak) eta bat bigarrenera (14-18 urte bitartekoak). Epaimahaiak hiruak saritzea erabaki du

Matxismorik ez! eta Zergatik gara horrelakoak lanak aurkeztu dituzte lehen kategoriara. Lehena, hamahiru lagunen artean osatu dute, eta, bigarrena, berriz, zazpi kideren artean osatu dute. 

Zuregatik! izenburua jarri diote bigarren kategoriara aurkeztutako lanari, eta bi kideren artean sortu dute. 

Alkateak azpimarratu du Beldur Barik Jarrera ez dela soilik inguruko indarkeria matxista identifikatzea eta mikromatxismoetaz jabetzea; hori guztia hautemateaz gain, horri aurre egitea ere badela gailendu du. Zenbait adibide ere ekarri ditu: Zerbait esaten al diegu txiste matxistak eta iraingarriak botatzen dituzteneni?, edota zenbatetan dira gure amak etxeko lan gehienak egiten dituztenak? . Galdera horiek aireratzeaz gain, jarrera edo jokabide horiek gazteon egunerokotasunean agertzen diren bizipenak direla nabarmendu du, eta ahalduntze eta jabekuntza prozesu honetan, gazteak direla protagonista. Azpimarratu du jarrera eta egoera horiei aurre egiteko tresnak erakutsi behar direla, eta horretarako baliagarria dela Beldur Barik lehiaketa. 

Amaitu aurretik, Valdiviak datorren urteko lehiaketan parte hartzera animatu ditu Lasarte-Oriako gazteak.