Preso dauden emakumeen inguruan ardaztu dute azaroko Azken Ostirala

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 25a, 21:40

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguna izanik, preso dauden emakumeen egoera izan dute hizpide hilabeteroko ekintzan. Aurrez egindako manifestazioan parte hartu dutenez, gaur ez dute mobilizaziorik egin, Elizatze plazan elkarretaratzea baizik.

Sarek eta Etxeratek kontuan hartu dute data beren irakurketa bateratuan. Espetxearen eta espetxe sistemaren izaera patriarkalak "zigor bikoitza" ezartzen die emakume presoei, emakume izateagatik eta preso egoteagatik.

Oraindik ere Euskal Herritik kanpoko espetxeetan preso daudenak, erbesteratuak eta deportatuak etxeratzeko oraindik ere lanean jarraitu behar dutela gogoratu dute. Horretarako, "konpromisoa, mobilizazioa kalean eta lana" beharrezkoak dira. Helburua  salbuespenarekin behin betiko amaitzea, gradu-aurrerapenak eta baimenak desblokeatzetik hasita, Espainiako Auzitegi Nazionalak geldiarazteko ahalegina deuseztatu arte.

Datozen asteei begira, abenduaren 10ean Etxeratek presoen giza eskubideak aldarrikatuko ditu Gasteizen eta egun berean Durangon manifestazioa egingo dute gradu erregresioen kontra. Eguberrietan ere mobilizazioekin jarraituko dute eta urtarrilaren 7an #etxerabideagertu lelopean manifestazioa egingo dute Bilbon bi urteko hutsunearen ondoren.

Herrian ere badituzte zenbait ekimen datozen asteetarako.