Okendon hasi eta amaitu den mobilizazioaren amaieran, adierazpen bat irakurri dute aSunak taldeko bi kidek.
"Gaur, azaroak 25 den honetan, Lasarte-Oriako kaleak hartu ditugu neska* gazteok mugimendu feministarekin batera zaintzaren garrantzia plazaratu eta feminismoan antolatzea beharrezkoa dela azaleratu nahi dugu. Zibilizazio krisia da aurrean daukaguna. Bete-betean bizi ditugu krisi ekologikoa, krisi ekonomikoa, zaintza krisia, osasun krisia eta abar. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkan, Kapitalaren alde lerratzen da sistema. Gure bizitzak ez dira kapital metaketarako bide besterik. Ez da gure bizitza erdigunean dagoena, irabaziak handitzea baizik. Horregatik da gure bizitzetan prekarietatea egiturazkoa.
Baina zaintza lanak ezinbestekoak dira sistemari eusteko, zaintza baita gure bizitzak eusten dituena. Beharrezkoa da sistemarentzako emakumeak espazio pribatuan doako lanak egiten jarraitzea, honek kapital metaketa handiagoa ahalbidetuko duelako. Izan ere, sistema kapitalista cisheteropatriarkala emakumeen ordaindu gabeko lanaren gainean dago eraikita. Maitasunagatik egindakoak direlako, familia egiturak zeharkatzen duelako. Gero eta sarriago prekarietatearekin hertsiki loturiko lanak dira, esklabutza egoeran. Honek guztiak indarkeria eragiten du emakumeon gorputz eta bizitzetan.
Neska gazteok ere gure gain hartzen ditugu zaintza lan horietako batzuk. Neska gazteak izaten gara gure ingurunearen ongizatea bermatzen dugunak, gizonek oraindik ere ardurarik hartzen ez duten bitartean. Neska gazteak gara instituzioek osasungintza publikoan inbertitu ez eta gure inguruan sostengu psikologikoa betetzen dugunak. Gu, neska gazteok gara militantzia espazioetan eredu erosoak sortze aldera lan egiten dugunak. Gu neska gazteok gara erasoen aurrean antolatzen garenak, protokoloak sortzen ditugunak, gizonek erasotzen jarraitzen duten bitartean. Gu neska gazteok gara gure lagun gizonak zaintzen ditugunak. Gu neska gazteok gara lan prekarioetan eta askotan kontraturik gabe, haur txikien zaintza, klase partikularrak eta abar egiten ditugunak. Finean, neska gazte eta emakumeak gara ongizatea bermatzen ez duen sistema honetan, ongizatea bermatzeko zaintzen dugunak.
Horregatik diogu elkar zaintzea, komunitatea eta kolektiboa erdigunean jartzea, gure bizitzak zentrora ekartzea eta autodefentsa feminista dela sistemaren osoa inpugnatzen duen ajuste erradikala delako, inposatutako sistema horri erresistentzia egiten jarraituko dugu, erasoen aurrean erantzuten kolektiboan beti.
Azaroaren 25 honetan ere autodefentsa feministarako deia eta batera antolatu eta borrokatzeko deia egiten dugu. Sistema honetan zaintza erradikala delako, Lasarte-Orian ere autodefentsa feminista.
Gora autodefentsa feminista! Gora borroka feminista!
Zaintzaren balio erradikala aldarrikatu ondoren, berdintasun teknikaria eskatzeko sortutako plataformaren izenean ere hitz batzuk irakurri dituzte. aSunakoek irakurritako hitzei helduz hasi dira. Zaintza denon gain hartzeko beharra eskala handiagora eramanda, Lasarte-Oriako Udalari eskatu diote bere esku dituen baliabideak mahai gainean jartzea, izan ere, udalak eta erakundeek, oro har, "zaindu eta babestu" behar baitituzte herritarrak.
Are gehiago egiturazko Berdintasun teknikaria ez izatea eta indarkeria matxista jasan duten emakumeek arta egokia ez jasotzea "onartezina" da. Hiru urteko programa aurrera eramateko pertsona bat kontratatu izanda urratsa bada ere, berretsi dute ez dela beraiek nahi dutena. Berdintasun teknikaririk ez dagoen bitartean, "udala bere herritarrekiko ardura eta zaintza lana erdizka egiten arituko da eta behar duten emakume pila bati merezi duten arta ukatzen". Beraz, udalari "borondatea" eskatu diote egoera ahalik eta azkarren bideratzeko; bitartean "feminismotik eta tinko" lanean jarraituko dutela adierazi dute.