Azken puntuak sortu du eztabaida gehien

Maddi Zaldua 2022ko aza. 27a, 10:00

Ezohiko udalbatzarra egin du Lasarte-Oriako udalbatzak hilaren 24an. Bost gai mahaigaineratu dituzte, eta lehen lauak azkar batean landu dituzten arren, bosgarrenak sortu du eztabaida gehien

Deialdiaren urgentzia bozkatu dute saioari hasiera emateko; aldeko hamalau bozkekin eta abstentzio bakarrarekin onartuta geratu da. 

2023 urterako taxien hiri tarifen onarpenaz aritu dira gero. Inongo alderdik ez du hitza hartu nahi izan, eta zuzenean bozketa egin dute; aho batez onartu dute gaia. 

Beterri-Buruntzako Mankomunitateak Lasarte-Oriako Udalari indarrean dauden toki garapeneko programak gauzatzeko kudeaketa gomendioa formalizatzeko hitzarmenaren onarpena landu asmo zuten hirugarren puntuan, baina gaia mahai gainean uztea erabaki hartu du Agustin Valdivia alkateak. Argudiatu du gaiaren gaineko informazio berria jaso duela, eta aztertu egin behar duela.

2022 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri eman du laugarren puntuan alkateak, eta hori egin eta gero, bosgarren eta azken gaiari eutsi dio. Zabaleta Berrin eta Zatarainen dauden udalaren bost lursail lehiaketa bidez besterentzeko baldintzen pleguaren onarpena eskatu du. Puntu horrek sortu desadostasuna sortu du, eta eztabaida sortu. Bozketa egin aurretik, hitza eskatu du EH Bilduk.. Jakinarazi du aurka bozkatuko duela, lursail horiek saltzearen eta horiei emango zaien erabilerarekin ez daudelako ados. Gailendu dute orubeak alokairuko etxebizitza sozialetara bideratzeko urratsak eman beharrean, udal gobernu taldeak nahiago izan duela horiek saldu eta horiengatik dirua jasotzea. "Horrek erakusten duen zuen etxebizitza politika hutsaren hurrengoa dela", gaineratu du. 

Eztabaida tarte baten ostean, bozketa egin dute. Aldeko zortzi bozkarekin, aurkako seirekin eta abstentzio batekin aurrera egin du gaiak.