Berdintasun Kontseilua eratzeko bilera ireki bat egingo du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 24a, 14:56
Kultur etxeko 3. bilera gelan jarri dute hitzordua.

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du bilera ireki bat egingo duela hilaren 28an, astelehenez, kultur etxeko 3. bilera gelan, 19:00etan. Berdintasun Kontseilua eratzeko helburuz antolatu du. Parekidetasunaren alde lan egiten duten talde, erakunde eta herritarrak deitu ditu parte hartzera. Informazio gehiagorako, 943-36 39 58 telefonora deitzeko eskatu dute.

Deialdi horren bidez, "hausnarketarako eta iritziak elkartrukatzeko gune bat eraiki nahi dugu, berdintasun gai eta politikei jarraipena emateko, elkarlanerako adostasun puntuak bilatzeko eta lankidetza sustatzeko", adierazi du udalak. Lasarte-Oriako I. Berdintasun Plana aipatu du, eta gogorarazi horretan egindako diagnostikoak azaltzen duela "ezinbestekoa" dela "berdintasun egitura iraunkorrak eratzea". 

Esan bezala, aurreneko bilera irekia datorren asteko astelehenean egingo dute, kultur etxeko 3. bilera gelan, 19:00etan. Bilkura horretara bertaratu ahal izateko, talde edo eragile bakoitzak ordezkari bat edo bi izendatu beharko ditu, eta zenbait datu (partaideen izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa) berdintasuna@lasarte-oria.eus-era bidali. Norbanako gisa joan nahi dutenek ere helbide elektroniko horretan izena eman beharko dute.