VIII. Aterpea Pintxo Bideaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek abenduaren 2tik 4ra

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 24a, 13:45

Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak udal ordezkarien laguntzaz VIII. Aterpea Pintxo Bidea aurkeztu du. Pandemia dela eta antolatu ezin izan den ekimena berreskuratu du elkarteak. Abenduaren 2tik 4ra, Lasarte-Oriako sei taberna eta jatetxeetan pintxo gozoak dastatzeko aukera izango da. Lasarteoriatarrek euren bozka eman eta 500 euroko saria eskuratu dezakete

Lasarte taberna, Arkupe taberna, Araeta jatetxea, Buenetxea kafe taberna, Herriko Etxea jatetxea eta Alai taberna. Horiek izango dira aurtengo Aterpea Pintxo bidean parte hartuko duten establezimenduak. Abenduaren 2tik (arratsaldea) 4ra (goiza) pintxo bideko mokadu bereziak eskainiko dizkiete euren bezeroei. Prezioa 2,50 eurokoa izango da.

Aterpea Merkatari eta ostalari elkarteak aurkeztu du ekimena eta taberna horiek pintxoak ikusteko aukera izan da Semblante Andaluz elkartean. Aurreko aldietan bezala, guztiek pintxo hoberenaren saria lehiatuko dute eta hori erabakitzeko dastetze saioa egin dute aurkezpenarekin batera.

Bi kategoria ezberdin egongo dira txapelketan; sari profesionala eta herrikoia. Lehen saria Javi Mendo La vie jatetxeko sukaldariaren esku dago aurten.

Bigarrena, aldiz, herriko elkarte gastronomikoek eta herritarrek aukeratuko dute. Gaur Arrieskalleta, Lasartearra, Palomo Linares, Saustatxo eta Semblante Andaluz elkarteetako ordezkariek eman dute euren epaia. Eta ekintza gastronomikoak irauten duen asteburuan herritarrek ere euren bozkak emateko aukera izango dute. Tabernetan eskuorriak egongo dira horretarako. Bozka ematen duten guztien artean, 500 euroko saria zozketatuko da; Aterpeako komertzioetan gastatzeko erosketa-bonoak izango dira.

Aterpeako Luis Mari Carballok azaldu duenez, "beste taberna bat ere bazegoen izena emanda, Zubieta Taberna eta eskuorrietan agertzen bada ere, ez du parte hartuko. Beraz, ez da euren pintxoa sartuko lehiaketan".

Aterpea Merkatari eta ostalarien elkarteak eskerrak eman dizkio udala eta Eusko Jaurlaritzari horrelako ekimenak babesteagatik eta herritar guztiak gonbidatu ditu abenduko lehen asteburuan pintxo bidea egin eta herriko tabernetan kontsumitzera.