Euskal emakume pentsiodunen egoera aztertu dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 24a, 09:55

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira udalak antolatu duen egitarauaren barruan, Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen Elkarteko (ONEKA) kideek hitzaldi bat eman dute Biyak Bat egoitzan: Mujeres mayores, el impacto del machismo en sus vidas. Solasaldia adi-adi entzun dute bertaratu diren herritarrek, eta galderak egin dituzte amaieran.

ONEKA elkartea 2018ko urrian eratu zuen emakume pentsiodun talde batek, ordura arte sortutako eragileek emakumeen egoerari behar bezainbeste arreta ematen ez ziotela iritzita. Afera hori ikusarazteko asmoz, ekitaldi eta agerraldiak egiten hasi ziren, eta horretan segitzen dute lau urte geroago. Biyak Bat egoitzan izan ziren atzo, egoera azaldu eta hori hobe ulertzeko gako eta estatistikak ematen. Besteak beste, nabarmendu zuten dezente apalagoak direla emakumeen pentsioak gizonenak baino: "1.000 euro baino gutxiago kobratzen dituzten emakumeen kopurua askoz ere altuagoa da gizonena baino". Iazko datuen arabera (grafiko ugari erakutsi zituzten hitzaldian zehar), 64.842 gizon eta 173.230 emakume, %137,4 gehiago.

Datu, portzentaje eta zenbakiez gain, azalpen orokorragoak eman zituzten ONEKAkoek, esate baterako, elkartearen helburuak zeintzuk diren. Azpimarratu zuten emakume pentsiodunen egoera ikusaraztea dela haien xedea eta haien eskubideengatik borrokatzea, "alor guztietan": "Pobrezia, diskriminazioa, indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa, bakardadea...eta abar". 

Horretarako, hainbat eskakizun egiten dituzte agerraldi eta ekintza guztietan: pentsiodun guztien bizitza duina izatea eta 1.080 euro kobratzea gutxienez; gizon eta emakumeen eskubide eta betebeharrak berberak izatea; Gizarte Segurantza sistema publiko batera sarbidea izatea; norberaren beharrizanen araberako etxebizitzak izateko eskubidea; erakundeek gertutasunez kudeatzea pentsioak; zerga sistema progresiboa eta jasangarria izatea; eta pentsiodunei ahotsa ematea, haien behar eta eskakizunak entzun ditzaten gizarteak eta agintariek.

Azalpen horiek guztiak eman eta gero, herritarren galderak erantzun zituzten hizlariek, eta ONEKAn izena ematearen onurei buruz jardun ziren ikus-entzuleekin. Batek baino gehiagok atxikimendua emateko orria bete zuen.