18 urtez azpiko taldeak partida borrokatua eskuratu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 23a, 13:15

Nahiz eta eguraldia ez lagundu, errugby arratsaldea izan zen hilaren 19an Michelin Kirol gunean. Euskal Ligako 18 urtez eta 16 urtez azpiko taldeen neurketaz gozatu ahal izan zuten zaletuek. Gernika Arratiko Txekorrak izan zituzten aurrez aurre Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeko kideek. Emaitzak ezberdinak izan ziren. Zaharrenek neurketa 21-10 irabazi zuten; gaztenek, aldiz, 12-32 galdu zuten

Arratsaldeko bigarren partida izan zen borrokatuena, 18 urtez azpikoena. Etxekoak zein bizkaitarrak gogor atera ziren zelaira eta metroak irabazi arren, ez zuten entsegu marrara iristea lortzen. Hamabigarren minutuan, aurkariak etxekoen defentsa igarotzea lortu zuen eta entsegua eta gauzatzearekin markagailuan aurreratu ziren.

Bigarren zatira behetik iritsi arren, gogoz atera ziren beltzak eta 43. minutuan partida berdintzea lortu zuten. 

Indarrak ere berdindu ziren. Baina bizkaitarren zigor ostiko batek berriro atzean utziko zuen etxeko taldea hamar minutuetara. Beltzaken jokalariek ez zuten amore emango, ordea; eta entsegua eta gauzatzea eginez. erantzun zuten.

Neurketa amaitzear zela, beste entsegu eta gauzatze bati esker, Gesalaga Okelan Zarautz Beltzakek garaipena eskuratu zuen.

18 urtez azpiko taldeak ez du huts egin jokatu diren ligako lau jardunaldietan eta bere multzoko buru da.