Ostadarrek denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi zuen Galdakaoren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 23a, 09:30

Ostadar SKT-Galdakao BT neurketaz gozatu ahal izan zuten boleiboleko zaletuek hilaren 19an, Maialen Chourraut kiroldegian. Euskal Ligako 2. mailako bosgarren jardunaldiko partidan nagusi izan zen etxeko taldea eta talde bizkaitarra 3-0 (25-14, 25-16 eta 29-27) garaitu zuen

Lehen bi zatietan ederki lehiatu zen Asier Acurolak zuzentzen duen taldea. Sakean hutsik ez zuten egin urdin-beltzek eta defentsa sendoari esker espero baino errazago eskuratu zituzten bi setak.

Hirugarrenean, aldiz, erasoan arazo batzuk izan zituzten etxeko jokalariek eta aurkariak egoera baliatu zuen Ostadar estualdian jartzeko. Hala ere, talde urdin-beltzak bere onena eman eta partida bereganatu zuen.

Era honetara, Acuriolaren jokalariek denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi dute eta sailkapenean laugarren postuan dira.

Acuriolak azaldu duenez, "taldeak eraso ahalmena hobetu du eta partidetan antzeman da aldaketa. Defentsa eta sake sendoari eta eraso eraginkorrari esker neurketak hobeto kontrolatzen ditugu eta nagusitasunez irabazteko gai gara. Galdakaoren aurkako partida da adibide".

Ostadarren prestatzailearen ustetan, aurten gaztetasun eta  beteranotasun nahasketa aproposa lortu dute: "Taldeko kideen erdia baino gehiago jubenil kategoriakoa da eta gainerakoak seniorrak. Guztiek bere harritxoa jartzen dute taldearen alde eta ongi doakigu".

Bestelako emaitzak

Boleibol taldeko kideek egun horretan bertan kiroldegian norgehiagoka sortako jokatu zuten arren, Euskal Ligako 2. mailako izan zen bakarra etxean garaipeneko puntuak lortzen. 

Euskal Ligako taldeak Hernani izan zuen aurrez aurre eta 0-3 galdu zuen. A eta B kadeteek Tolobolei A eta C izan zituzten aurkari, hurrenez hurren. Biek galdu zituzten euren neurketak (0-4 eta 0-3). Infantil kategorian ere Ostadar A-Arantzazuko Ama partida 0-3 amaitu zen eta Ostadar B-Harresi, aldiz, 1-3.

Alabaina, Donostian jubenil mailako taldeak Aldapeta Maria A garaitu zuen 1-3 eta bere ligako buru da; ez du partidarik galdu denboraldi honetan.