Buruntzaldea IKTko igerilariek ongi gainditu dituzte liga ezberdinetako hitzorduak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 22a, 13:30
Buruntzaldea IKTko benjamin mailako igerilariak denboraldiko lehen proban. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTren igerilariek maila ezberdinetako ligetako probei egin zieten aurre hilaren 19an eta 20an. Guztiak ederki jardun ziren eta alebin kategoriako igerilariak eta Nahia Zudaire lehen postuetan izan ziren

Buruntzaldea IKTren txikiek euren ligako lehen jardunaldia jokatu zuten Ordiziako Majori igerilekuan. Lasarte-Oria eta Andoaineko 11 gazte lehiatu ziren bertan. 

2014 eta 2013 urteetan jaiotako Irai Jauregi, Kerman Miguel eta Urko Azpiazu taldekideek bere lehen proba lehiatu zuten, 50 m. estilo librea eta 6x25 m. bizkar estiloko errelebo mistoan Igartza taldeko hiru neskekin batera jardun ziren.

Gainerako taldekideak B mailako (2012. urteko haurrak eta 2011. urteko mutilak) benjamin probetan aritu ziren. Guztiek bizkar estiloko 50 metroko lehia egin zuten eta adinaren arabera, bigarren proba bat ere jokatu zuten. Iker Garciak, June Apeztegiak, Juren Matailok eta Aizpea Barcinak 100 m. libreak eta Liher Albizuk, Oier Jauregik, Ander Martinezek eta Aitor Ormazabalek, aldiz, estilo libreko 200 metroko saioa izan zuten.

Horrez gain, bizkar estiloko 4x50 m. hiru errelebo ere osatu zituzten igeriketa taldeko kideek; horietako bi Hernani eta Ordizia taldeetako kideekin batera. 

Kategoria horretan estiloak eta arautegia barneratzeari ematen diote garrantzia Buruntzaldea IKTren arduradunek. Hori dela eta, "guztiak oso txukun aritu eta pozik eta gustura atera" zirela nabarmendu dute.

Benjaminek urtarrilean izango dute ligako hurrengo hitzordua.

Lehen postuetan

Txikien ostean, alebinen txanda izan zen, Ordizian bertan. Ligako bigarren hitzordua zuten gaztetxoek eta sei ordezkari izan ziren bertan: Ohian Matute, Itxaso Iparragirre, Mario Amantegi, Kimetz de la Cruz, Iñaki García eta Ibon Elola. 

Kategoria horretako igerilariek bi oinarriko saio izan zituzten: lau estiloetako 200 metroak eta 100 m. estilo librea.

Lehen proba zaila izan arren, taldeko igerilariek "beldurrik gabe eta ausardiaz" igeri egin zutela adierazi dute prestatzaileek. Ondorioz, Garcia, Amantegi, Elola eta Matute lehen lau sailkatuak izan ziren. 

Nahiz eta hamabost minutuko atsedena izan saio batetik bestera, estilo libreko jardunean ere fin ibili ziren Buruntzaldea IKTren ordezkariak. Bost mutilek euren marka ondu zituzten eta Garcia, Amantegi, Elola eta Matute berriro izan ziren sailkapeneko lehen postuetan.

Jardunaldiari amaiera emateko 4x200 m. estilo libreko erreleboari aurre egin behar izan zioten eta "lan ona" egin zuten.

Alebin ligan parte hartu zuten igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Igeriketa taldeko prestatzaileek seikoteak "lan handia" egin zuela azpimarratu dute eta horrez gain, Iñaki Garciak egindako banakako probak nabarmendu dituzte: "Iñakik 20.35,64 egitea lortu zuen 200 m. lau estiloetako proban eta 01.01,71 100 m. librean, klubeko 13 urteko errekor berriak ezarriz".

Taldeko arduradunek adierazi dutenez, ildo beretik jarraituko dute lanean, hartutako erritmoari eutsi eta teknikoki hobetzeko asmoarekin. Izan ere, hainbat proba garrantzitsu izango baitituzte hurrengo hilabetean. Abenduaren 3an, Paco Sanchez sarian parte hartuko dute eta hil horretako 17an, aldiz, ligako hurrengo saioa. 

Buruntzaldea IKTko gainerako infantil, junior eta absolutu mailako kideek ere hilaren 26an denboraldiko hirugarren saioa lehiatuko dute, Andoainen.

Marketatik gertu

Bestalde, taldekide Nahia Zudaire Cadizen jokatu den AXA Ligako 5. jardunaldian parte hartu zuen hilaren 19an eta 20an. 

Hiru probetan –400 m. libre, 100 m. bular eta 200 m. lau estilo probetan– egin zuen igerian Zubietako igerilariak eta emaitza onak lortu zituen.

Estilo libreko 400 m. (05.06,43) zein 100 m. bular (01.45,01) saioetan lehen postua eskuratu zuen bai open mailan baita ligako sailkapenean ere. Bere marketatik gertu geratu zen bietan. 200 m. lau estiloetan, aldiz, hirugarren izan zen (03.04,87).