LOKEko judokek Gipuzkoako txapela eta Espainiako txapelketarako txartela eskuratu dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 21a, 15:00
Alebin taldeak Gipuzkoako taldeko txapelketa eskuratu dute. Arg.: LOKE Judo.

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko (LOKE) judokek hitzordu bikoitza izan zuten hilaren 19an eta 20ean; Espainiako Txapelketarako Iparraldeko sailkapen proba eta Gipuzkoako taldekako txapelketa. Bietan podiumera igo ziren herriko elkarteko ordezkariak

Hilaren 20ean, alebin eta infantil kategoriako Gipuzkoako taldekako txapelketa izan zen Hondarribian. 

LOKEk bana talde aurkeztu zituen bi mailatan eta lehen postuetan izan ziren. Sofia Pozo, Valeria Llanos, Alba Padrones, Ariane Luis eta Ariana Mendoza judokek osatutako alebin kategoriako taldeak lehen postua  eskuratu zuen; Maria Escribano, Iraia Diez eta Anne Linazasoro infantilek, aldiz, bosgarren postuan amaitu zuten lehia.

Txartela eskura

Egun bat lehenago, Asier Sagastik abenduaren 3an Madrilen jokatuko den senior mailako Espainiako txapelketarako txartela eskuratu zuen Gasteizen. 

Iparraldeko sailkapen proban lehiatu zen Sagasti herritarra eta 100 kilo azpiko mailako hirugarren postuan sailkatu zen. 

LOKEko judoken azaroko hitzorduak ez dira amaitu, ordea. Hilaren 26an, kadeteek Amurrio Hiribilduko txapelketan parte hartuko dute.

Asier Sagasti (eskuineko bigarrena) Iparraldeko sailkapeneko podiumean. Arg.: LOKE Judo.