Akordeoia eta haren soinua ateratzen duen harmonika

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 19a, 21:30

Zero Sette orkestrak antolatutako XIX. Akordeoi jaialdian, Radu Ratoi akordeoi jotzaile moldaviar-errumaniarrak eta Antonio Serrano harmonika jotzaileak euren trebezia erakutsi diete bertaratutakoei.

Antonio Serranok harmonika jo arren, instrumentu txiki horretatik ateratako soinuak akordeoiarena zirudien. Hura bakarrik erabilita El tamborilero gabon kanta jo du. Umorez azaldu du jo behar zuen abestiari lotutako istorioren bat edo bere gaitasuna nola garatu zuen.  Jostalari aritu da publikoarekin eta 40 minutuko saioan barreak musika jaialdi batean espero zitekeenak baino ugariagoak izan dira. Esaterako, aretoan akordeoi jotzailerik bazen galdetu du eta eskua altxatzeko eskatu die, jarraian gehitzeko: "Eta musikaririk ba al da?".

Beste harmonika jotzaile bat ere badela jakin du, eta orduan "gogoratu" du Quim Roca laguna gonbidatu zuela gaurko emanaldira. Roca arnasketa zirkularra barrurantz egiten duen harmonika jotzaile bakarra omen da, eta bere teknika aztertzen ari omen dira. Serranok berarekin jotzera deitu du eta Rocak alboka jotzeko egin behar den arnasketaren antzekoa dela azaldu du, baina kontrako norabidean. Blues ukituko abestiak jo dituzte elkarrekin. Horren aurretik musika klasikoan oinarritutako piezak jo ditu harmonika kromatikoarekin, itxialdia berarekin igarotzea egokitu zitzaion ikasle txinatar batek irakatsitako abestietako bat edota Paco de Lucia gitarristaren bat.  

Elkarrekin inprobisatu dute Serranok eta Radoik, akordeoi jotzailearen aurkezpenaren aurretik. Bukatzean elkar agurtu eta Radoi gelditu da eszenario gainean.  

Akordeoi jotzaile gaztea 6 urterekin hasi zen instrumentua jotzen eta mende laurdena ez badu ere, bertako eta nazioarteko 30 lehiaketa baino gehiago irabazi ditu. 2018an Moldaviako artista onenari saria jaso zuen eta 2019an Arrasate Hiria Akordeoi lehiaketa irabazi zuen. Ingelesez joko zuen lehen piezaren azalpena egin du eta Rocak itzuli die ikus-entzuleei. Johann Sebastian Bachen 3. Suite Ingelesa jo du lehenengoz jendaurrean, sei mugimenduko pieza da eta amaitu arte ez txalo egiteko eskatu die. 

Bere zatia amaitu ondoren, jaialdia ixteko oroigarri bana eman diete bi musikariei. 

Erlazionatuak