Odolkiak ordainetan jaso dituzte Extremadura Etxean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 19a, 13:08

VI. Txerria Hiltzearen jaia ospatzen ari dira asteburuan Ama Guadalupe Extremadura Etxean. Berrobiko hiltegian animalia hil ondoren, goizean zatikatu dute Sasoetako egoitzan eta lortutakoarekin txorizoak, odolkiak eta plater goxoetarako osagaiak lortu dituzte. Biharko herri bazkarira arte luzatuko dituzte jarduerak eta egindako lanaren saria gerora ere dastatu ahal izango dute.

Lehen ordutik jo eta su lanean aritu dira Extremadura Etxeko kideak. Batzuek sukaldean ogi-mamiak prestatzen aritu dira, beste batzuek txerria zatitzen zuten bitartean. Ondoren, lortutakoarekin beste prestaketa batzuk egiteari ekin diote. Hala, odolkietarako eta txorizoetarako orea egiteko haragia gainerako osagaiei batu eta gogoz nahasi dute. Mahai gainean zeuden urdailazpikoak zaintzeko ardura, berriz, kide gazteenetako batek hartu du. Xiringa zirudien gailuarekin behin eta berriro ziztatu ditu.

Hariak moztuta eta hesteak bustita, haiek betetzean hasi dira sei bat lagun. Orea makinan sartu, hestea bete, moztu eta lotu. Minutu gutxiren buruan lortu dituzten lehen txorizoak. Horiek soka batetik zintzilik jarri dituzte terrazako aterpean.

Dena ez da lana izango, ordea. Herri bazkarian txitxirioak, sakramentuak eta meloia jango dituzte eta ondoren, bazkalostea girotzeko karaokean abesteko aukera izango dute. Gauean beste aukera bat izango dute txerrikien zaleek, izan ere, afaritarako haragi parrillada egingo baitute. 

Biharko egitaraua:
  • 11:00etan. Indarrak hartzeko, perrunillak, salda eta pattarra.
  • 14:00etan. Herri bazkaria: urdaiazpiko haragi errea eta tarta.